Larraitzen jendetza ari da biltzen, Txindoki argitzeko asmoz
Goierriko Gure Eskuk egindako deialdiari erantzunez, dozenaka lagun bildu dira Larraitzen. Handik Txindoki mendian gora abiatu dira, bakoitzak bere lekua hartu eta ibilbidea argiztatzeko. Piztualdia 19:30etik 20:00etara izango da.
Larraitzeko aparkalekua jendez bete da arratsaldeko bostetarako. Goierriko Gure Eskuk jarritako hitzorduari dozenaka lagunek erantzun diote, eta dagoeneko abiatu dira mendian gora, Txindoki argitzeko asmoz. Aurretik Euskal Herriko beste mendi batzutan egin duten moduan, Kataluniako herriari eta Altsasuko gazteei elkartasuna erakustea da gaurko ekintzaren helburua.
Talde bat Ameztitik gora eta Txindokiren hegitik igoko da; bestea berriz, Oriako iturritik gora, Tximista bidea osatuz, gailurreraino. Antolatzaileek Larraitzen bertan eman dituzte lehen azalpenak. Argiztatzeak ordu erdi iraungo du; hasera batean 20:00etarako iragarri zuten, baina argiaren baldintzak direla eta, 19:30etik 20:00etara egingo dute piztualdia. Lehen argazkia Ausa Gaztelutik aterako dute, bigarrena Lazkaomenditik eta hirugarrena Zaldibiako Mendizabal baserritik.
Datozen orduetan, ekimenaren inguruko berri eta irudi gehiago zabalduko du Goierriko Hitzak.