Maiz eta Tapia Eibarren ariko dira, Elustondo eta Iturriotz, Azpeitian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta laugarren final laurdenak jokatuko dituzte asteburuan. Bina bertsolari goierritar ariko dira Eibarren eta Azpeitian.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak asteburuan osatuko ditu final laurdeneko bost saioetatik lau. Larunbatean Eibarren eta igandean Azpeitian izango dira hitzorduak. Bietan, Goierriko bina ordezkari ariko dira kantuan.
Eibarko saioan ekingo dio Jon Maiak txapelketari, duela lau urteko finalean izan baitzen. Harekin batera, Gorka Maiz gabiriarra eta Mikel Tapia ataundarra ariko dira, eta baita Jokin Uranga, Unai Muñoa eta Felix Zubia ere. Aurkezle lanak Itziar Etxezarretak egingo ditu. Saioa Coliseo antzokian izango da, 17:00etan hasita.
Azpeitiakoan berriz, Alaia Martinen estreinaldia izango da. Nerea Elustondo legazpiarraz eta Amaia Iturriotz urretxuarraz gain, Oihana Iguaran, Iñigo Mantzisidor eta Iñaki Gurrutxaga ere ariko dira. Aurkezlea, Imanol Artola izango da. Soreasu Antzokian jarri dute hitzordua, 17:00etan.
Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira final erdietarako; gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute aukera. Final laurdenetan ariko diren 30 bertsolarietatik 18 sailkatuko dira.