Mendizaletasuna sustatu asmoz egingo dute Haur Mendi Martxa 55.nez
Ordiziako Mendizaleen Elkarteko kideek antolatu dute mendi irteera. Ordizian hasi eta bukatuko da, Altzagan gosaria egiteko geldialdia eginez. Igandean, 09:00etan abiatuko dira plaza nagusitik.
Astebururo egin ohi duten moduan, datorrenean ere egingo dute mendi irteera Ordiziako Mendizaleen Elkarteko kideek, baina oraingo honetan eskaintza oso bereziarekin datoz, 55. Haur Mendi Martxa egingo baitute. Igandean egingo dute eta Goierrin barrena ibiliko dira.
Erraz esaten da, baina egin egin behar da. Iaz, eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zuten baina aurten, eguraldi iragarpena ona dela aurreratu dute. Beraz, eguraldi politarekin egingo dute 55. edizioa izango dena. Antolakuntzako kide den Juan Mari Garmendiak nabarmendu du «haurrengan batez ere ,baina herritar guztiengan ere mendizaletasuna sustatzeko ekimena» dela, eta argi utzi nahi izan du «haurrek bakarrik ez, familiek eta lagunek ere parte har» dezaketela.
Gainera, edonork egiteko moduko ibilbidea prestatu dute. Ordiziako Plaza Nagusitik igandeko 09:00etan abiatuko dira etaArama, Sarasola eta Altzagarate igarota, Altzagan geldialdia egingo dute gosaltzeko. Indarrak hartuta abiatuko dira Artsuaga aldera eta handik Ordiziara bueltatuko dira. 480 metroko malda eta 11 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute.