Umeak, mendian eta bertsotan
Eskolarteko Mendi Lehiaketetako Finalisten Egunak 2.000 lagunetik gora bildu zituen Idiazabalen. Goierriko Bertso Eskolak ikasturte berriari ekin zion Ordizian. Eta Urretxun, Aita Larrarte euskaltzainari azken agurra egin zioten.
Goierriko Bertso Eskolak ikasturte berria hasi zuen 2004ko urriaren 24an, eta horren berri eman zuen biharamuneko Hitzak. Lazkao Txikiri buruzko bideoa ikusiz hasi zituzten eskolak 18 gaztetxok, denak ere, 7 eta 15 urte artekoak. Bixente Gorostidi bertsolari amezketarrak gidatuta, “kantuan gozatzea” zuten helburu. Hiru taldetan banatuta aritu ziren: hasiberriak, lehendik ibilitakoak, eta bat-batekoen taldekoak; azken talde horretan, Aitor Sarriegi izan zuten irakasle. Ordiziako taldeaz gain, Ataunen beste hiru laguneko taldetxo bat ere osatu zuten. Gazteak eurak ere, gustura agertu ziren irakasleekin:
Haur eta gaztetxoekin jarraituz, zientoka elkartu zituen Eskolarteko Mendi Lehiaketako Finalisten Egunak, Idiazabalen. Guztira, 1.340 umek eta 789 helduk parte hartu zuten herrian barrena jarritako 9 kilometroko ibilbidean. Behin oinezko bidea bukatuta, plazan ekitaldia egin zuten; diplomak banatu, bidaiaren inguruko solasaldia egin eta mendiko materiala zozkatu zuten parte hartzaileen artean. Antolaketa lanetan berriz, 50 bat idiazabaldar aritu ziren.
Urretxun, zendu berria zen Jose Mari Larrarte ohorezko euskaltzainari azken agurra egin zioten. Apaiz pasiotarra zen, hizkuntzalaria ikasketaz. 1969tik 1977ra Urretxuko Ikastolan eskolak eman zituen. Eusko Legebiltzarrean erredaktore eta itzultzaile ere aritu zen lanean. 1981etik aurrera, Euskaltzaindiko hainbat batzordetan aritu zen; 87an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2002an, ohorezko euskaltzain. Erakunde horretako kideak eta apaiz pasiotar ugari bildu ziren Urretxun egindako azken agurrean.