Elkartasunaren bibotea
Gizonezkoei eragiten dien minbizien aurka, azaroan zehar Movember kanpainarekin bat egingo dute Goierrin, MoHerri taldeak bultzatuta. Helburua gizarteak kontzientzia hartzea da
Azaroan sartzearekin batera ekingo diote Movember kanpanari, gizonezkoei eragiten dien minbiziaren aurkako kanpainari alegia. Goierri mailan Ordizia izan zen Movemberrekin bat egin zuen lehen herria. Aurten, kanpaina horrek irismen handiagoa izate aldera, Ordizian bakarrik ez eta Goierriko beste herri batzuetara ere zabalduko dute. Iragan ostiralean aurkeztu zituzten kanpaina berrirako antolatutako ekintzak eta antolakuntzako kideez gain, Joseba Beloki txirrindulari ohia, Haritz Elustondo Realeko futbolaria, Izaro Iraeta kazetaria, Iñaki Azurmendi aizkolaria, Ordizia Rugbiko jokalariak, Garaguneko kideak eta beste hainbat eragile ere izan ziren, babesa emateko.
Orain arte Motown Ordizia izan da Movemberrekin bat egin ohi duen Ordiziako taldea, baina aurten berrikuntzekin datoz eta MoTown beharrean, MoHerri izena hartuko du, kanpaina Goierriko beste herri batzuetara zabaldu eta horri erreferentzia egiteko. Izan ere, Beasainek ere kontzientziazio kanpaina horrekin bat egingo du.
Babesa emateko era ugari
Herritarrek elkartasuna adierazteko hainbat modu izango dituzte. Beste behin, kanpainaren ikurra da bibotea eta Goierriko gizonezkoak bibotea erabiltzera animatu dituzte. Ordiziako Irene, Manolo, Pili, Alazne eta Maider ileapaindegiak eta Lazkaoko Dama biboteak konpontzeko prest daude. Tabernetan, eltzetxuak jarriko dituzte diru bilketa egiteko. Pintxo-bibotea ere egingo dute azaroaren 21ean Beasainen eta azaroaren 26an eta 27an Ordizian. Gainera bi kontzertu egingo dituzte, Beasainen azaroaren 15ean eta Ordizian 29an. Horrez gain, kamisetak, errifak eta pegatinak salgai daude eta kirol ekitaldietan postua jartzea da asmoa. Beasaingo Plazapen Senpereko Erronkan eta Ordiziako Olanon egongo dira kamisetak salgai.
30.000 kasu berri
Kanpainaren alde alaia aurkeztu ostean, Nick Night-ek atzean dagoen errealitatearen hainbat datu eman zituen. «Espainiako estatuan urtero prostata minbiziaren 30.000tik gora diagnostiko berri egiten dituzte». Minbizi mota hori gainditzeko aukerak «handiak» dira baina horretarako «diagnostiko azkarraren garrantzia» nabarmendu zuen. Horregatik, «beharrezko mediku azterketak egitera animatu» zituen gizonezko guztiak.
Urretxuko Stylo ile apaindegia, Movemberrekin
Urretxuko Stylo ile apaindegiko Gorane Dominguezek gizonezkoentzako txokoa jarri zuen eta ordutik Movember-en parte hartu du. Aurten bertaratzen diren gizonezko guztiei bibotea eta bizarra doan txukunduko dizkie. Gainera, eskumuturrekoak salduko ditu. Lortutako dirua Movember fundazioari emango dio. Bestalde, bularreko minbiziaren aurkako eguna ospatu da duela gutxi eta horrekin ere bat egiteko, Aste Arrosa egin zuen. Horren barruan, ile-sorta arrosak jarri zizkien bezeroei eta ikerketarako dirua biltzeko eskumuturrekoak saldu zituen, besteak beste.