Gaurtik proposamenak bozkatu daitezke datorren urteko aurrekontuetarako
Udal teknikariek aurkeztutako proiektuen azterketa egin eta gero, hamar proiekturen artean bozkatuko dute legazpiarrek. Bozketa egiteko epea azaroaren 15ean itxiko dute
Datorren urteko aurrekontu parte hartzaileen prozesuak beste urrats bat bete du. Udal teknikariek legazpiarrek egindako proposamen guztiak aztertu dituzte. 46 jaso zituzten, 116 legazpiarrek egindakoak. Orain, ho- rietatik egingarritzat jo dituzten hamar aukeratu dituzte. Egingarri izateko baldintzetako bat aurrekontuari egokitzea da. Proiektu bakoitzeko 50.000 euroko aurrekontua dago eta guztira sei burutuko dituzte; aurrekontu osoa 300.000 eurokoa da. Koldobike Olabide Legazpiko alkateak atzo aukeratutako proiektuen nondik norakoa agertu zuen, baita alboratu dituzten proposamenak bazter utzi izanaren zergatia ere. Bide batez, bozketa prozesua gaur hasten dela gogoratu zuen eta azaroaren 15era arte legazpiarrek hamar proiekturen artean bozkatu ahalko dutela gehitu zuen.
Jasotako 46 proiektuetatik hamar bozketan sartuko direla esanda, beste sei honezkero martxan daude, zortzi aurrerago egiteko gorde dituzte eta hogeita bi ezeztatu egin dituzte.
Bozketan sartuko diren batzuk aurreko aurrekontu parte hartzaileen prozesuetan agertutako proposamenak dira; esate baterako, Laubiden Domingo Agirreko igogailutik 18.atarira doan bidea egiteko proiektua eta Mirandaola parkean mahai gunea berritzearena.
Olabidek ezeztatu dituztenak aletu zituen atzoko agerraldian. Batzuk aurrekontu gehiago eskatuko luketelako ezeztatu dituzte: Bikuñako haur parkea estali edota kiroldegiko beheko solairuko soinketa gela handitzeko proiektua.
Urtatzazahar parkean hainbat lan egiteko proposamena ere jaso dute, baina aurrekontuaz gain, arazo teknikoak sortzen ditu parkea kutsatutako lurzoruaren gainean dagoelako. Eskaera argiteria hobetzea, skate pistaren inguruan hormigoia botatzea, ping-pong mahaia berri- tzea eta tirolina bat jartzea ziren, besteak beste.
Beste traba batzuk
Beste zenbait proiektutan arazoa da lanak egin beharreko lur sailak pribatuak direla. Bikuña jauregiko atzeko aldean dagoen aparkalekua ez da udal jabetzakoa, hori dela eta, aparkalekua egokitzeko proposamena alboratu egin dute. Berdin-berdin gertatzen da Lakiolako bidea konpontzeko proposamenarekin, zeren bide pribatuak baitaude tarteko. Riojana upategiarekin ere berdin, bertako aparkalekua konpontzeko proposamena jaso dute, baina eremua ez da udal jabetzakoa. Mantxolan baratze komunitarioak jartzeko proposamenaren kasua berbera da.
Aurrekontu parte hartzaileetan sartu ohi dituzten proiektuek beste ezaugarri bat daukate, hain zuzen inbertsio proiektuak izan behar dute. Inbertsio proiektuak ez direla iritzita, bozketatik kanpo geratu dira Mantxolan zaborrak biltzeko edukiontziak kendu ziren tokian berriro jartzea eskatzen zuen proposamena eta legazpiarrentzat aldi baterako lanpostuak sortu eta mendi bideak garbitzeko baliatu.
Nola bozkatu
Legazpiar bakoitzak bi proiektu aukera ditzake. Lehentasun gehien duenari 1 zenbakia jarrioko dio eta bigarren postuan dagoenari 2 zenbakia; botoetan zenbakiak alderantziz izango dira 1 zenbakiak 2 boto eta 2 zenbakiak 1. Bozketa egiteko LegazpiOn aplikazioa erabil daiteke, legazpi.eus webgunearen bitartez bozka daiteke edo Herritarren Arreta Bulegoko postontzian botoa sartuta.
2020ko AURREKONTU PARTE HARTZAILEAK
Onartutako proiektuak:
1.- Agirre Etxeberri. Garajea egokitu.
2.- Arantzazu auzoa. Haurreskolatik Laubide parkera doan espaloian irisgarritasuna hobetu.
3.-4. Itxaropen auzoa. Bi proiektu:
-Itxaropen 14-17 arteko eskailerak konpondu.
-Itxaropen 2-4 arteko eskailerak konpondu.
5.- Bikuña kiroldegia. Udal kiroldegian energia berriztagarrien sistema gehiago jarri.
6.- Latxartegi parkea. Berez garbitzen diren komunak ipini.
7.- Laubide auzoa. Domingo Agirre eskolako igogailutik Laubide 18. zenbakira doan bidea egin.
8.- Mirandaola parkea. Mahai gunea berritu.
9.- San Juan auzoa. Auzoko 11-12-13 atari arteko espaloia konpondu.
10.- Urtatza auzoa. Urtatzako 63 eta 66 atari arteko espaloia konpondu.