Hogeiko nota 25. ekitaldiari
Zaldibiako Ardiki Eguneko mondeju lehiaketan hogei partaidek aurkeztu dituzte hestebete zuri bereziak. Kopuru polita, produktua suspertzeko sortutako festaren zilarrezko aldia ospatzeko.
Helburuaren zati handi bat bete duela esan daiteke Ardiki Egunak. Zaldibian belaunaldi berrietako herritarrak ere mondeju zuria egiten jarri ditu, bestela, bizimoduaren berezko joeran, jada askorentzat galdutako langintza izango zatekeenari arnasa pixka bat eta etorkizun bat ziurtatuta. Igandeko lehiaketako hogei partaideen artean adin askotakoak zeuden, gazte batzuk ere bai tartean.
Amaia Urkolak irabazi du 25. Mondeju Lehiaketako lehen saria. Amezketan bizi den zaldibiarrak Unai Galartza semearen izenean aurkeztu zituen. Baina mondejugilea bera izaki, Urkolak jantzi zuen txapela. Hirugarrena du (2013 eta 2016an). Hiru urteko zikloan segitu du aurten.
Bigarren Modes Sukia eta Josune Etxeberria izan dira, eta hirugarren hiru gaztetxok osatutako taldea, izerdi berriaren ikur.
Mendiko artzaintzaren denboraldia bukatzear da, eta Aralarko trashumantzia hasteko hitzordu ere bihurtu da Ardiki Eguna. Mendikateko 19 artzain izan dira Zaldibian, Aralarko Gaztaren 22. txapelketan parte hartzen. Orendaingo Zelaieta baserrikoek irabazi dute txapela; izen horrekin merkaturatzen dute gazta. Haiek ere hirugarren aldiz lortu dute lehenengo saria 2004an eta 2010ean Jose Antonio Garmendiaren izenean. Iaz bigarren izan ziren.
Bigarren, iazko garaile Joseba Intsausti ordiziarra izan da, eta hirugarren Haritz Harregi eta Martina Urbistondo.
Artzainen aldarrikapena
Hain justu, sariak banatzen hasi aurretik, Aralarko artzain multzo bat oholtzara igo zen. Iker Sukia lazkaotarrak irakurri zuen testua, artzain komunitatearen iritzia eta beharren irakurketa egiten zuena.
Giro eguzkitsuarekin, festa eta feria jendetsua izan dira.













