Urrian cava, azaroan gazta
Asteburuan Cava Festa ospatu dute Zegaman. Eguraldi ona lagun, jende asko elkartu da Aitxuri ikastetxeko patioan. Azaroaren 9an San Martin feria egingo dute
Asteburuan Cava Festaren seigarren edizioa ospatu dute Zegaman. Eguraldi bikaina lagun, jende asko elkartu da Aitxuri ikastetxeko patioan.
Ostiralean eta larunbatean Sant Sadurni d’Anoiako zortzi cava dastatzeko eta afaltzeko aukera egon zen: Segura Viudas Brut Nature Gran Reserva, Villarnau Brut Nature, Capdevilla Pujol Reserva Nature eta Grimau Brut Nature, Gemma, Raventos i Blanc Blanc de Blancs, Llopart Brut Nature Reserva eta Jaume Giro i Giro Brut Rosat.
Jatekoa ere egon zen: oilasko izterra piperrekin, solomo burua piperrekin, ajoarrieroa arrautzekin, saltxitxak, txorixoa, entsalada eta hanburgesak piperrekin. Postreari dagokionez, gazta eta menbrilloa.
Iluntzean Zegamara joateko ohiko autobusak egon ziren eta gauean etxera itzultzeko bi autobus jarri zituzten. Bi autobus horiek doan izan ziren. Eskaintza bikain horrek eta eguraldi onak lagunduta, jendetza elkartu zen Aitxuri herri ikastetxeko patioan.
Alkatearen balorazioa
Joseba Izagirre alkatea oso gustura ageri da. «Aho zapore gozoarekin gelditu gara. Jende kopuruari dagokionez, ostiralean aurreko urteetako jende kopurua elkartu zela esango nuke. Larunbatean, ordea, inoiz baino jende gehiago elkartu zen», aipatu du Izagirrek.
Festa erabat finkatuta dago. «Goierrin ez zen halako festarik antolatzen eta jendeak kuriositatea du. Asteburuan herritik kanpoko jende asko etorri da eta hori oso pozgarria da».
Herriko elkarteei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik. Izan ere, udalak herriko elkarteen laguntzarekin antolatzen du Cava Festa. Antolaketan Amezti, Tartalo, Karraztarro, Orkatz, Gazte Herexa, Elkartu Nahi eta Kasino elkarteek eta herriko jubilatuek parte hartzen dute.
Zegama Kataluniako Sant Sadurni d’Anoia herriarekin senidetuta dago eta festa honen helburua kalitatezko cavak ezagutzera ematea da. Baita goie- rritarren arteko harremana sendotzea ere.
Hurrengo zita San Martin feria izango da. Azaroaren 9an egingo dute. Urteroko moduan, postuetan ia denetik erosi ahal izango da. Herriko ganadu lehiaketa eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketa ere egongo dira. Urrian cava eta parrila, azaroan gazta eta sagardoa… Zegamarrak eta bertara hurbiltzen direnak ez dira gosez hilko!