Hezkuntza eta gazteri saileko diru laguntzen eskaera epea ixtear dago
Bihar da eskola materiala, grabaketak eta aisialdiko prestakuntzarako laguntzak eskatzeko azken eguna. Udaleko arreta bulegoan egin daitezke eskaerak
Hiru diru laguntza atera zituen Legazpiko Udaleko gazteria eta hezkuntza sailak. Eskola materialaren erosketak egiteko, grabaketak egiteko eta aisialdiko prestakuntzarako diru laguntzak dira. Bihar eskaera egiteko epea amaituko da. Eskaera Legazpiko Udaleko Herritarrentzako Arreta Bulegoan egin daiteke, 07:30etik 15:00etara.
Eskola materiala erosteko diru laguntza lehenengoz eman du udalak. Udalerrian bertan erosketak sustatzea izan du helburu, eta familiei laguntzeko sortu dituzte. Laguntzak 40 edo 60 eurokoak dira, familien diru sarreren araberakoak. 2004 eta 2003. urteetan jaiotako haurren gurasoek edo tutoreek eska ditzakete, betiere, haurrak Legazpin erroldatuta eta Derrigorrezko Hezkuntzako edozein mailatan matrikulatuta egon behar dira.
Grabaketak egiteko diru laguntzen helburua musikari legazpiarrei euren diskoa grabatzen laguntzea da; gehienez 1.000 euroko diru laguntza da. Badira urte batzuk laguntza hau ematen dutela. Aisialdiko prestakuntzarako bekak alor horretan Eusko Jaurlaritzaren izendapen ofiziala duten trebakuntza ikastaroak egin dituzten legazpiarrek jaso ditzakete.