«Legealdi honetan errepidea konpondu eta zabalduko da»
Joseba Izagirrek berak eta udalbatzako gainontzeko kide guztiek legealdiari gogotsu ekin diotela dio. Beraien helburua herritarrak eta Zegamara hurbiltzen direnak gustura egotea da.
Joseba Izagirre (Zegama, 1974) zortzi urtetan zinegotzi izan zen eta honakoa bigarren legealdia du alkatetzan. Azkena izango dela uste du.
Zinegotzi izatetik alkate izatera alde handia dago, ala?
Hala da. Zinegotzi izanda, azkeneko deia alkateari egin diezaiokezu. Arazoa handia bada, alkateari deitu eta berak erabaki dezala. Alkatea izanda, ez duzu nori deitu. Udaletxean erabaki asko hartu behar dira eta denak ezin dira kontsultatu.
Gogorra al da Zegamako alkatea izatea?
Beste edozein konpromiso hartzen denean bezala, norberak bere buruari jartzen dion exijentziaren araberakoa da. Gogorra izan daiteke, dedikazioa eskatzen baitu. Hemen nagoen bitartean ezin ditut beste gauza batzuk egin, baina argi daukat alkatetzak eman kendu baino gehiago egingo didala.
Zer da alkatetzak emango dizuna?
Ez da zerbait materiala izango. Ekonomikoki ez du konpentsatzen. Ez dut soldatarik kobratzen. Baina alkatetzak pozak ematen ditu. Lau urte pasa ondoren herritarren batek mesede ederra egin niola esaten badit, horrekin gelditzen naiz. Jendea gustura gelditzen bada, zuregana etorri eta erantzuten badiezu, nahikoa da. Bestalde, Zegamako alkate naiz nire aurrekoek ere zerbait egin dutelako. Nik ere herria erakargarria eta bizitzeko erosoa izateko nire aletxoa jarri nahi dut.
Legealdia hasi besterik ez da egin, baina… pentsatu al duzu berriro aurkeztuko zaren ala ez?
Ez dago ezezko borobila ematerik, baina 16 urte nahikoa direla uste dut. Gainera, ez litzateke ona izango pertsona batek udaletxean 16 urte baino gehiago ematea. 16 urtetan eman dezakeena eman ez badu, oso motela delako da.
Ondo hasi al da legealdia?
Legealdi hasierak bereziak izaten dira, jende berria egoten baita. Bederatzi zinegotzitik, bost berriak dira. Gure taldean bost gara eta bostetik bi berriak dira. Legealdi hasieran gauzak azaldu eta taldea egiten saiatu behar da. Gustura gaude. Jendea gogotsu dago: lehendik daudenak erre gabe eta sartu berriak fresko-fresko.
Zeintzuk dira legealdi honetako erronka nagusiak?
Programa egiteko orduan asko eskaini nahi da eta ondoren eskainitako hori guztia bete egin behar da. Helburua herritarrak eta bertara gerturatzen direnak gustura egotea da. Ez dezatela etorkizunean non biziko diren pentsatu. Zuzenean Zegaman gelditu nahi dut esan dezatela. Legealdi hasieran azpiegiturak aipatzen dira, baina guk ez dugu obra handirik.
Zeintzuk dira obra ez hain handi horiek?
Donejakue Bidea egiten duten erromesentzat aterpea egingo dugu. Geroz eta gehiago dira Zegamatik pasatzen direnak eta lo egiteko toki egoki bat eskaini nahi diegu. Orain arte haurtzaindegiko lokal batean lo egiten zuten, baina haurtzaindegiko lokala behar genuenean handik ateratzen genituen… Beti bueltaka. Aterpea parketxearen ondoan egongo da eta Passivhaus bat izango da: energia gutxi kontsumituko du eta oso gutxi kutsatuko du. 15 lagunentzako tokia izango du. Urtea amaitu aurretik prest egongo da. Giltza parketxean, udaletxean eta ostatuan egongo da.
Zer diozu bide azpiegiturei buruz?
Aurreko legealdian aldundiak bidegorria luzatu zuen, Intsaustitik herrigunera. Orain errepidea konpondu behar dugu, Intsaustitik Kortaberriko errotondaraino.
Errepidea, konpontzeaz gain, zabaldu egingo al da?
Bai. Izan ere, bihurgune arriskutsuak daude. Baserri bideetako sarrerak ere hobetu egin behar dira, horietako batzuk oso arriskutsuak baitira.
Enpresak erakartzeko zer edo zer egin behar al da?
Pabilioi zahar batzuk ditugu, Garmendiarenak, eta txukundu egin nahi ditugu berriro erabilpena emateko. Sprilurren eskutik egin beharko dugu.
Etxebizitza gehiago egingo al dira?
Olaberrian etxebizitzak egiten ari dira eta, oraingoz, ez ditugu gehiago egingo. Etxebizitza berria nahi dutenek erosteko aukera dute. Bestalde, alokairua sustatu nahi dugu.
Zegamarrek herrian gelditzeko aukera dute, beraz.
Bai. Zegamar gehienok inguruko herrietan lan egiten dugu eta ahalik eta zerbitzu gehien eskaini behar dugu jendea herrian gera dadin. Adin guztietako bizilagunengan inbertitu beharra dugu. Gaztelekua eta ludoteka txiki gelditu zaizkigu eta etxe berrien azpialdera eramango ditugu. Bertan 300 metro koadro inguru ditugu. Ludoteka kiroldegiko lokal batean dugu eta ki- roldegia kiroletarako bakarrik izatea nahi dugu. Gaztelekuarekin, berdin: kultur etxean dugu eta kultur etxea kultur ekitaldietarako izan behar da. Adinekoei dagokienez, eguneko zentroa txiki gelditu da. Itxaron zerrenda dago. Horrekin lotuta, Euskadi Lagunkoia egitasmoan sartzeko asmoa dugu.
Zegama-Aizkorri mendi maratoia herriko ikur nagusia bilakatu da. Berrikuntzarik egongo al da?
Ez. Golden Trail Seriesen barruan jarraituko du eta boluntarioak lan egiteko prest dauden bitartean Zegama-Aizkorri mendi maratoiak udalaren laguntza izango du. Gure erakusleiho nagusia da. Horren eskutik, urtean zehar turistak etortzen dira. Legealdi honetan ibilbideak ordenatuko ditugu, familiarekin etortzen direnentzat bisitarientzat. PR-135 eta PR-136 bideak, adibidez, bateratu egingo ditugu.
Zer diozu lehen sektoreaz?
Gure paisaiaren zaintzaileak dira. San Martin feria antolatzen dugu errekonozimendu gisa. Bestalde, Zegamako lursail guztiak digitalizatu behar ditugu. Sekulako lana da. Lehen fasean murgilduta gaude. Baserri bideei dagokienez, orain arte baserritarrei portzentaia bat kobratzen genien konponketagatik. Legealdi honetan konponketa, mantenimendua eta garbiketa udalak ordainduko du.
Zer diozu kulturaz?
Elkarteen ekimen guztiak laguntzeko prest gaude. Bestalde, beka bat eskaintzeko asmoa dugu. Seguru aski, musikarekin lotua egongo da. Horretaz gain, Pio Berasategi idazle zegamarraren lanak argitaratu behar ditugu, Matia Zaleaken laguntzarekin.
Beste egitasmoren bat?
Memoria historikoa lantzen ari gara Aranzadirekin. Hiru urteko egitasmoa da eta aurten hasi gara.