«Antzerkian aurreneko aldiz jentilen bi tribu euren artean haserretu dira»
Antzezlan berria prestatu duzue aurtengo ere?
Gauzak berritu egin behar dira. Iturri emankorrak baditugu herrian, zorionez. Ataunen kokatutako historiak izaten saiatzen gara. Joxemiel Barandiaranen lanak erabiltzen ditugu, batez ere, oinarrian. Inoiz edo behin Joxe Arratibelen Kontu zaharrak liburukoak ere sartu izan ditugu. Joan Arin Dorrontsoro apaiza dago bestetik, pertsona batek egin dezakeen bilketa lan handiena eginda dauka Atauni buruz. Lau liburu publikatu dituzte, eta horietan ere gauza berriak topatu ditut. Aurtengo gaia hortik harrapatu dut.
Nondik nora joango da trama?
Askotan aipatzen ditugu mendiko jentilen eta erreka ondoetako gizaki kristautuen tirabirak. Arin Dorrontsorok aipatzen du, dokumentatuta balego bezala gainera, bi jentil tribu zirela inguru hauetan: bat, Aralarren, Arraztaran inguruan; bestea, Lizarrusti gainean. Denborarekin, Aralarkoa izan zela Ataun bezala ezagutzen dugun erreka ondora jaitsi zen tribua, eta Lizarrustikoa Urbasara erretiratu zela. Aurten, aurrenekoz, jentilak euren artean ere haserretuko dira.
Ohiko bi munduen arteko talkaren erdian, beste bat?
Bi mundu aurrez aurre izango dira, kristautasun aurretik zegoen jentilena, beren sinesmenekin, eta kristauena. Jentilen bi tribuak euren artean tirabiran jartzea da aurtengo ildoa. Batetik, basoan zerbait gertatu delako, apaiza berehala hasiko da jentilen aurka; batez ere Tortoren susmoa egingo du. Baina jentilen artean ere denak ez daude soka berean, eta euren arteko borroka hor sortuko da. Nola bukatuko den ez dugu esango.
Jentil talde bat erbesteratzeko kontua nola jaso zuen Arinek?
Kontatzen du San Gregorion izan zela emakumezko jentil indartsu bat, Mandamatxarda izena jartzen dio. Herritarrak harekin beti beldurtuta egoten zirela eta, uxatzeko zerbait egin beharra pentsatu zuten. Kontatzen du nola menderatu eta bidali zuten Urbasa aldera, eta alde egiterakoan zera esan zuela: jentil zaharrak, bere lagunak, adinean gora zihoazelako eta umeak artean hazi gabe zeudelako bidali zutela, indarrik ez eta; bestela ez zituzketela hala botako. Lizarrusti gaineko tribu horrekin asoziatu dut istorioa. Emakume hori Mariaretza izendatu dut.