Feria gaztetzen ari deneko zantzu argiak
Behi gazta egile eta saltzaile berria atzo urriko azken feria loretsu eta jendetsuan. Arimen Gau Beltza eta Santu Guztien Eguna, presente
Hilabete batean bi goierritar gaztek bete du- te Mutiloako Atiberkoek utzitako hutsunea. Urriaren 16an hasi zen Iñaki Intxausti zeraindarra barazkiekin etortzen, eta atzo Mutiloako Odio baserriko Beñat Telleria estreinatu zen. Elkarren ondoan aurkituko ditugu, plaza erdi-erdian. Postu eta aurpegi berriak ferian aurten: azkenik etorritako bi hauez gain, urtarrilean eta uztailean hasitako Naroa Irigoien (Idiazabal) eta Judith Garzia (Olaberria), eta Gabiriako Miren Agirrezabalaren seme Joxe Antonio Elosegi, amari segida hartuta.
Beñat Telleria Insausti 20 urteko mutiloarrak beti izan du gustuko behiekin aritzea, txiki-txikitatik etxean ezagutu ditu eta orain ogibidea horietatik ateratzeko urratsak ematen ari da. Haragitako behiak zituzten lehen eta orain baita esne behiak ere. Etxetik berez ikasitakoaz gain, «ikastaro asko egin ditut eta azkena Fraisoron gazta egiten ikasteko, eta hemen da emaitza». Bi behi gazta ekologiko aurkeztu ditu: ondua, hiru hilabetekoa, eta freskoagoa, 5 astetakoa, biak kiloa 15 euroan salgai. Ez du baztertzen haragia saltzen hastea ere. Odio baserrian gaztandegi eta ukuilu berria egin dituzte eta 16 behi gobernatzen ditu gaur egun, hain beharrezkoa eta eskertzekoa den familiaren laguntzarekin. Zuzeneko salmenta baserritik bertatik hasi du, baita denda txiki batzuetan ere, eta Ordiziako hau da Beñaten lehen feria.
Bestetik, Santu Guztien Egunaren aurreko azoka izanik, jende asko ikusi da lore postuetan. Lore bizi edo moztuekin egindako zentro eta sorta asko saldu da.
Arimen gaua, gau beltza… horien seinaleak ere izan dira ferian. Garai bateko usadioa berbizituz, kalabaza hustu eta kandela barruan sartzeko prest aur- keztu dute Montes Etxekoek.
Nafarroako orburua
Plaza inguruko postuetan Nafarroako orburua ikusi dugu, dozena 5-7 euro artean. Bestalde, piper erretzeari utzi dio Jose Luis Amatriainek; aurten astero jarri ohi duen postuaren ondoan aritu da. «Gaur ia azkena, denboraldia joan da. Aurten oso ondo saldu dugu, plazan bertan egonda gehiago saltzen da eta erretzeko makina berri honekin ez da inongo aitzakiarik izan».
Onddo ikusgarriak
Hemengo onddo gutxi, baina kanpotik kilo asko jarri ziren salgai atzo, eta kilotik gorakoak ere bai batzuk. Argazkikoa horren lekuko (.1450 gr). Lasa eta Barcinaren postuetan baita zizahori, esnegorri eta mendiko angulak ere. Berak bildutako saltsa perretxiko beltz kilo pare bat ere bazegoen Axun Etxeberriaren postuan.