«Gazteak eta adinekoak asko zaindu beharrekoak dira»
Bigarren agintaldia du Jon Enriquek (Legazpi, 1966). Ormaiztegi Batzen taldearekin udal hauteskundeak irabazi zituen eta aurrekoen antzeko emaitzak lortu ere.
Zer zara alkate ez zarenean?
Senarra, aita eta irakaslea naiz. 1987tik Donostian Karmelo ikastetxean ari naiz lanean. DBHko azken zikloan eta batxilergoan urte asko egin ditut; batxilergoa kendu zuten eskolatik eta orain DBHn nabil. Historia eta Geografia dira nire espezialitateak eta euskara ere ematen dut.
Nolatan eman zenuen politika publikorako saltoa?
Hamaika saltsatan ibilitakoa naiz. Boluntario lanetan, adibidez, futbol eskolan aritu izan naiz. Betidanik izan dut grina hori eta, halako batean, alkatetzara aurkezteko aukera sortu zen. Urratsa gogo biziz bultzatu nindutelako eman nuen, baita Ormaiztegiren alde zer edo zer egiteko gogoa nuelako ere. Nik uste guztiak pasa beharko ginatekeela udal jardunetik, alkate nola zinegotzi lanetan, benetan ikusteko nola funtzionatzen duten gauzek, ikuspegia asko aldatzen baita.
Zuri zertan aldatu dizu?
Konturatzen zara administrazioan ideiak, proiektuak eta asmoak benetan gauzatzeko zailtasun asko dagoela.
Ormaiztegi herri txikia da.
Ikusi eta ikasi dudanagatik, herri txikietan alkateak bere gain handietan baino lan gehiago hartu behar ditu zinegotziek ez dutelako liberaziorik. Zinegotziek euren lanaldi osoa egiten dute eta gero boluntario gisa lan egiten dute udalean.
Zeintzuk dira Ormaiztegiren behar nagusiak?
Nik bi behar nagusi sumatzen ditut. Batetik, gizartearentzat zerbitzuak sortzea, batik bat, gazteentzat eta adinekoentzat, bi kolektibo horiek asko zaindu beharrekoak dira.Bestetik, azpiegitura beharrari erantzun behar diogu, kalitatezko eraikuntzak eta gune fisikoak behar ditugu.
Gazteekin hasiko gara. Zeintzuk dira beharrak?
Gaztelekua martxan jarri genuen aurreko agintaldian, 6-18 urte bitartekoentzat. Gurasoek haur txikiagoentzat azpiegiturak eskatu dituzte, baina zaila da diru kontuak direla eta, izan ere, udal gastuak gora egiten du, baina diru sarrerek ez. Nolanahi ere, aztertzen ari gara ludoteka baten aukera. Bestalde, 18-25 adin arteko gazteek euren espazioa behar dutela uste dugu.
Ez da denbora asko okupazio bat egon zela.
Esango nuke parte hartu zuten gazteetatik gutxi zirela bertakoak. Horrek ez du, baina, garrantzi handirik, espazio baten beharra dagoela sumatzen baitugu. Kontua da, hala ere, Ormaiztegiko Gazte Asanbladak ez duela egitura finko bat. Egon gara hainbat gazterekin hitz egiten, baina ez dago gazte guztiak ordezkatuko dituen asanbladarik. Gipuzkoako Foru Aldundiko programetan sartzeko aukera eman diegu, eta gure lankidetza eskaini, baina, momentuz, argi daukatena da gazte talde batek, gutxienez, ez duela udalak kudeatutako espaziorik nahi.
Adinekoentzat lehenengo Eguneko Arreta Zentroa ireki duzue.
Bai, Ormaiztegiko adinekoen soslaia, oro har, ez da bakarrik dauden adinekoena, etxean daudenena baizik. Arreta zentroan sozializatu egiten dira, piztu, nonbait. Gaur-gaurkoz 8-10 erabiltzaile ditu zentroak. Astean hiru arratsaldez joaten dira eta balorazioa oso positiboa da.
Ormaiztegik aspalditik duen erronka da etxebizitza berriak sortzearena.
Bai, premia aspalditik dator. Are gehiago, egun, biztanleak galtzen ari gara etxebizitzarik ez dagoelako. Udalak, hala ere, arazoa du ez baitaukalako lur zorurik. Hirigintza Plan Nagusia egin zenean Antonene eremuan proiektatu zuten etxebizitza eraikuntza eta eremu hark jabetza pribatua du. Mugatuta gaude. Lau urte dira enpresa eraikitzaileekin eta jabeekin harremanetan gaudela, baina ez dugu ezer ere lortu. Azkenean, Plan Orokorreko fitxak aldatzeko prozedurari ekin genion, Antoneneko hirigintza fitxetan ezarritako bi baldintza aldatzeko bidea erraztuko duelakoan baikaude.
Zein baldintza dira?
Bata etxe tasatuak izan behar zirela da. Tasatua izateak ez du prezioa merketuko eta mugak baino ez die jartzen erosleari eta saltzaileari. Bestalde, beheko solairuetan etxebizitzarik ez egitea ere ezartzen zen eta baldintza hori ere aldatu nahi dugu, Ormaiztegin hutsik dagoen nahikoa lokal daukagulako. Prozedura martxan da eta azaroaren 18ko osoko bilkuran lehenengo onespena emango diogu.
Zenbat etxebizitza eraikiko lituzkete Antonenen?
22 etxebizitzako bi bloke eta hainbat etxebizitza unifamiliar.
Ekonomiari dagokionez zer esango zenuke. Erronkarik?
Bai, enpresak eta enplegua erakartzea. Irai Errota industriagunea egiteko pauso garrantzitsuak ematen ari gara, eta dagoeneko onartuak izan dira estatutuak eta urbanizazio plana. Abenduaren 14an osatuko da Adostasun Batzordea, eta guztia aurreikusten dugun bezala badoa, obrak 2020. eta 2021. urte artean hasiko dira eta herrian enpresa berriak ezartzeko aukera zabalduko dugu. Horrez gain, Zelaikoa eremuan bigarren industriagune bat eraikitzeko proiektua dugu mahai gainean.
Hirigintza aldetik asmo zehatzik ba al duzue?
Igerilekua derrigor konpondu beharrean gaude ,ez dituelako legeak agintzen dituen baldintzak betetzen eta matxurak dituelako gainera. Gure asmoa da datorren urteko udan, irailean ixten dugunerako zeregin guztiak eginda izatea lanei ekiteko. Agintaldian zehar, bestetik, soinketa egiteko espazio bat sortu nahi genuke.
Mutiloako zabortegian errefusa jasotzeari utziko diote aurki. Nola eragingo dio Ormaiztegiri?
Zubieta martxan jartzen dutenean Mutiloan bakarrik lantegietako hondakin bizigabeak jasoko dira. Guretik pasatzen den kamioi kopurua lehengora bueltatuko da, 80 egunean, ez da gutxi.
Zirkulazioa arazo bihurtu da.
Kaleetako berrantolaketa bat egiteko asmoa daukagu. Oinezkoak lehenetsi nahi ditugu San Andres kalean, ezin dugu zirkulazioa eragotzi, baina oinezkoei lehentasuna emango diegu abiadurak murriztuta eta bestelako neurriekin. Proiektu bat sortzen ari gara.
Ormaiztegi multikulturala da.
Bai, eta Zumalakarregi Museoak irakurle talde bat jarri zuen martxan eta orain udaletik aniztasun mahai bat sortu nahi dugu.