«Aukera etorritakoan, daukazun guztiarekin heldu beharra dago»
Pala profesionalean, Binakako Txapelketan bihar debutatuko du Beñat Ibargurenek (Lazkao, 1993), Ibargarai aurrelariarekin. Urtebeteko kontratua egin dio Innpala enpresak
Goierrin palari profesional bat berriz. Aspaldiko partez, ala?
Orain dela urte asko izan ziren profesionalak. Nik ez ditut ezagutu, jada jubilatuta daude. Kontatu egin didate bazirela.
Nola etorri zaizu aukera?
Afizionatuetan Elite mailan eta txapelketa garrantzitsu askotan jokatu dugu. GRAVNI txapela jantzi eta gero entrenatzeko deitu zidan Innpalak, han txukun ikusi nindutela eta. Udan, gainera, Ander Landetak eskumuturra minduta zeukanez, haren ordezko bezala proba egin zidaten. Eta, itxura denez, gustatu.
Abuztuan Bilboko Aste Nagusiko txapelketan aritu zinen. Zuere burua nola ikusi zenuen?
Nahiko gustura. Oraindik, garbi dago, ikasteko asko daukat, berria naiz eta hobetzeko asko dago. Material berrira ohitu beharra daukat, aurrerapauso hori daukat eman behar da.
Asko aldatzen al da materiala?
Pisuagoa da profesionaletan, bai pala bera, bai pilotak. Pilotak 105 gramo izaten du, eskukoak bezainbeste, eta mugitzea kosta egiten da. Bestetik, profesionalek dedikazio gehiago daukate afizionatuetan baino, eta akatsentzat tarte gutxi geratzen da.
Zer baldintza eskaini dizkizu?
Probaldia udan egin, eta orain lau-bat aste abisatu zidaten. Urtebeteko kontratua eskaini didate, bukatutakoan berriz hitz egitekotan. Uda ondoren ere eurekin segitu dut entrenatzen.
Halako aukera bati muzin ezin zaio egin, ezta?
Etortzen denean heldu beharra dago, daukazun guztiarekin. Horrelako aukerak gutxitan eskaintzen dira, eta atzera begira ezin da geratu. Heldu, eta segi.
Zer pilotari koadro zaudete?
Innpala da pala profesionaleko enpresa bakarra. Hamar pilotari gaude han. Ezagunenak Fusto, Ibargarai, Gaubeka, Ibai Perez… dira. Makina batzuk dira. Hamar onenetan egotea polita da.
Binakako Kutxabank Ligan hasiko zara, Xabier Ibargarai txapeldunarekin. Ez dago gaizki.
Ibargarairekin jokatzea plazer bat da. Partida oso ondo irakurtzen du, eta aurretiko lanean ere oso ona da: kontzentrazioa asko lantzen du eta asko babesten du. Kantxan, zuriz jantzitakoan, lehiakorra da, eta partidak irabazteko estrategiak oso landuta dauzka. Bere dohainak zukutzen bikain daki.
Zuk zer eman dezakezu? Zertan nabarmentzen zara?
Eskuinarekin indar handia eta abiadura sartzen diot pilotari. Bilboko Aste Nagusian ere Ibargarairekin jokatu nuenez, pentsatzen dut estilo berdina erabiliko dugula orain: pilota onak eta erosoak bilatu, eta hor estutu.
Pala profesionala zertan da? Hortik bizitzeko lain bai?
Erabat horretara dedikatzea oso zaila da. Kirol minoritarioa da. Bizkaian zentratzen da, eta txapelketa gehienak han dira. Pixkanaka zabaltzen ari da, Frantziara eta. Baina ez dago oso egoera onean. Pilotaz aparte beste lan bat edukitzen behintzat onartzen digute, eta, biak uztartuta, zerbait egin daiteke.
Lanean ere ari zara, beraz. Nola moldatzen zara prestatzeko?
Zortea daukat, lanaldia 15:00ak arte daukadalako. Neure kasa egiten ditut entrenamenduak. Astean behin edo bitan Bilbora joaten gara, laukotea elkartu eta frontoian jokatzeko. Orain arte Ordiziako Oiangu taldean ere jardun naiz. Bakoitzak bere entrenamenduak ditugu.
Gimnasioko lana ere bakoitzak bere kontura antolatzen du?
Beno, nik gimnasiorik ez dut zapaldu oraindik [barrez]. Korrika egiten dut, eta baserrira ere joaten naiz. Aitak gutxi laguntzen diogula esaten du baina…
Zaragozako klubean ibiliak zarete Xabier anaia eta biok.
Bai, bi anaiak. Kilometro asko egin ditugu, asteburua joan eta asteburua etorri. Xabierrek 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuenean, 2016an, sortu zitzaigun Zaragozako aukera. Baten prezioan bi fitxatu gintuzten, eta biok joaten ginen. Lehenengo urtean anaiak jokatu zuen, Mundialetik sasoiko zegoelako; eta azkeneko bietan, nik. Esperientzia bat izan da.
Orain jo duzu goia zuk?
Lehendik ere maila hartzen ari nintzen, baina nik uste aurten izan dela gorakada, GRAVNI irabazi dugunean. Mundialisten kontra lortu dugu txapela, azkenean. Beraz, lorpenaren zati garrantzitsu bat titulu hori izan dela uste dut.
Anaiak zer esaten dizu? Zure zenbakia eskatzeko deitutakoan, bera hobea dela esan du.
Kabroia! [algarak] Beti daukagu etxean pikea. Baina anaia oso gustura dago. Inbidiatan, baina gustura. Berak Munduko txapela lortu zuenean ni egon nintzen bezala. Ea berak ere lortzen duen pausoa ematea. Kualitateak badauzka; garatzea falta zaio.
Bi anaiak palan goian ibiltzeko, zein da ‘erruduna’? Etxekoak?
Aitarekin jokatu izan dugu txikitatik, gomaz. Olaberriko frontoira joan, eta bi anaiok aitaren kontra aritzen ginen beti. Ezin irabazi! Pixkanaka lortu genuen. Bestetik, oso gazteak ginela, 8-9 urterekin, Olaberriko Garikoitz Arrietak antolatzen duen San Joan txapelketan hasi ginen. 12 tantora arte eskuz, eta jarraian beste 12 palan gomazko pilotarekin. 9 urtetik 15era arte, urtero bi anaiak ailegatu ginen finalera, elkarren aurka. Aurrerapauso bat emateko esan ziguten larrura, eta orduan lotu gintzaizkion.
Beste kirolen batek ez zaitu tentatu?
Lazkaon futbolean jokatzen nuen. Behin, Herreran jokatu eta mailaz igotzea lortu genuen. Taldeko guztiak aldagelan ospatzen ari ziren bitartean, bi anaiok praka zuriak jantzi, Herreratik Altzara igo, eta han izan genuen gure lehen partida ofiziala. Nik 15 urte nituen, anaiak 13. 22 urtez azpikoen txapelketa zen, eta aurkariak euren kotxean etortzen ziren. Txapeldunorde atera ginen. Gehiago direnen kontra arituta, orduan ikasten da. Irabazi nahi horrekin hobetzen da.
Goierrin bada palarako tradizioa. Nola dago kirol hori?
Jendea murgiltzen da palarekin. Oianguko delegatua naiz orain, eta pala sustatzeko atzetik zenbat lan dagoen hor ikusten da. Ordizian eskola daukagu, eta tarteka ateratzen dira palari batzuk. Beste herrietara ere joaten gara, gazteren bat palan goman ondo ari dela ikusitakoan. Hitz egin, larrua probatzeko konbentzitu… Horrela lortu dugu Oier Alkorta azpeitiarra; Mundialerako aurre-aukeraketan dago orain. Harrobia lantzen ari gara, baina zaila da. Futbolak gazte asko eramaten du, eta pilota gustatzen zaiona ere eskura joaten da. Gipuzkoan, palan jokatzen duten pilotari gehien daukan kluba Oiangu da.
Zer espero duzu etorkizunean?
Pala lan asko egin beharreko kirola da. Atzeko lan hori egiten badut eta nerbioak kontrolatzen jakin, maila polita eman dezaket, eta jendeari gozaraziko diodala uste dut. Horretarako, palari heldu, eta hozka pilotari.