Kultura desberdinen elkargunea
Astelehenean hasiko da laugarren Kulturen Arteko Topaketa, Ordizia Kolorek, eragile desberdinek eta udalak antolatuta. Azaroaren 9an egingo dute aurtengo festa handia
Goierri mailan, migratzaile kopuru handiena duen herria da Ordizia. Ez da gauza berria hori, Ainhoa Jimenez zinegotziak esan duenez, «Ordizia harrera herria izan da beti». Gaur-gaurkoz, «60 jatorri desberdinetako» herritarrak daude eta «24 hizkuntza baino gehiago entzun daitezke herriko kaleetan»
Errealitate horren aurrean, herritarren artean harremanak sortu eta inklusioa errazte aldera, ekintza ugari egiten dituzte aspalditik eta horietako bat da Kulturen Arteko Topaketa. «Ordizia Kolore Elkarteak antolatzen du, herriko beste eragile batzuekin eta Ordiziako Udalaren babesarekin. Laugarren urtea izango da aurtengoa. Atzo prentsaurrean eman zituzten aurtengo edizioak ekarriko duenaren xehetasun guztiak.
Migranteen datuak
Ordiziako Udalak luzatu dituen datuen arabera, «2019. urteko urtarrilaren 1ean, 10.427 biztanle zeuden erroldatuta». Horietatik «7.477 Euskal Herrian jaiotakoak, 1.125 espainiar estatuan jaiotakoak, 815 Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan jaiotakoak eta 1.001 munduko beste herrialde batzuetan jaiotakoak» ziren.
Europar Batasunetik etorritakoak errumaniarrak dira gehienak, 735. Munduko beste herrialde batzuetatik etorritakoak, berriz, marokoarrak dira gehien- bat, 136 guztira, eta gertutik jarraitzen diete Pakistandik etorritako herritarrek, 133. Hego Ameriketatik etorritakoak, Ekuadorkoak (88) dira batez ere.
Datuok ikusita, Kulturen Arteko Topaketaren bidez «aberastasun kultural hori benetan islatzea eta gurean zabaltzeko bideak eskaintzea da helburua», eta Ordiziatik atera gabe «kulturalki ikasteko, janzteko eta gozatzeko aukerez hausnartzeko kanalak sortzea, elkarrekin konpartitu, elkar ezagutu eta aberastasun horretaz gozatzeko testuinguruak sortuz».
Egitarau zabala
Astelehenean, azaroak 4, ekingo diote egitarauari. Aurten, lehen aldiz, bi ordiziar elkartuko dira munduko ipuinak kontatzera. Mertxe Aizpurua eta nigeriar jatorria duen Joy Ainmemwanuwa; Joyren lurraldeko ipuina kontatuko dute. D’elikatuz zentroan egingo dute saioa eta 17:15ean hasiko da.
Feminismoa eta arrazakeria hizpide izango dituzte azaroaren 7an, ostegunarekin batera. Ordizia, Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Zas! Sarean dago. Horren barruan, urte asko daramatzate aniztasunaren gaia ikuspuntu desberdinetatik aztertzen eta hausnartzen. Hori baliatuz, Ordiziara ere ekarriko dute gaia. Hizlariak Irantzu Varela kazetari feminista eta Maya Amrae dira, azken hau islamiar testuinguruan berdintasunaren aldeko mugimenduan aditua da eta Munduko Emakumeak Babel Elkarteko kidea ere bada. Moderatzaile lanak Ana Iruretagoiena ordiziarrak egingo ditu, Klitto atari feministako kide eta kazetariak. Haurtzaindegi zerbitzua ere jarriko dute eta ez da behar aldez aurretik izena ematea.
Musika ikastaroa ere egingo dute aurtengo edizioan. Azaroaren 8an, ostirala, mustarekin perkusio tailerra egingo dute. Plaza Nagusian izango da, 18:00etatik aurrera.
Festa handia azaroaren 9an egingo dute, larunbatean. Egun horretan, munduko lurraldeen erakusketa egingo dute. Gainera Kolore-Truk jostailuen trukea ere egingo dute. Ekintza hori egin ahal izateko egoera onean dauden jostailuak eskoletako idazkaritzetan uzteko eskaria egin dute. Astelehena, azaroak 4 izango da horretarako azken eguna. Munduko arrozak eta tuberkuluak dastatzeko aukera ere egongo da eta horretarako aldez aurretik txartelak erostea komeni da (helduak 3 euro, haurrak euro 1). Zuhaiztin, D’elikatuzen eta Bustuntzan dagoen Magazin Romanescu harategian ere eros daitezke. Musika eta dantzak ere egongo dira eguna girotzeko. Plaza Nagusian eta pilotalekuan izango dira ekitaldiak
Bizilagunak
Bestetik, Bizilagunak ekimena azaroaren 17an egingo dute eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago. Egun horretan jatorri desberdinetako familiak bazkaltzeko elkartuko dira. Ekintza honen inguruko informazio gehiago www.mugak.eu webgunean dago, edo 603 652 682 telefono zenbakira deituta.