Ampo Ordiziak sendo jarraitzen du Altamiran
Cajasol Ciencias Sevillari 48-19 irabazi dio Altamiran. Etxean jokatutako lau partidetan nagusi izan da, eta lauretan puntu gehigarria lortu du. Alcobendas taldearekin puntutan berdinduta dago hirugarren postuan.
Ampo Ordiziak sendo jarraitzen du Altamiran, 49-18 hartu du mendean Ordiziak atzo Sevillako Cajasol Ciencias. Laugarren partida etxean eta laugarren aldiz garaipena puntu gehigarriarekin. Alcobendasek eta biek 24na puntu dituzte, eta hirugarren postuan berdinduta daude. Ampo Ordiziak puntu gehien lortu dituen taldea izaten jarraitzen du (282) eta gutxien jaso dituen bigarrena da (140). Bi datu hauek taldearen sendotasunaren adierazle dira.
Ampo Ordiziaren entrenatzaileek ondo aztertuta zeukaten Sevillako taldea, eta horregatik erritmo biziko partida prestatu zuten, eskurako jokoa nagusituz. Abiadura handiz jokatuz metroak lortzea zen helburu, kontaktuko jokoa ahal izan duten neurrian saihestuz. Eta lortu dutela aitortu behar da. Hasieratik aurretik jarri da Goierriko taldea, eta 19. minutuan ( 6-7) Sevillakoek lorturiko entseguaren ondorengo salbuespenarekin, erabat nagusituko da etxeko taldea. Bi minutu behar izan ditu Ampo Ordiziak berriro aurretik jarri eta bere nagusitasuna inposatzeko. Lehen zatia 34-7 adierazgarri batekin bukatu da.
Bigarren zatian gauzak bide beretik joan dira. Aldaketekin aukerak iritsi dira etxeko zenbait gazterentzat: Aipamen berezia Erlantz Garmendiarentzatz, lehen taldearekin debutatu baitu. Azkenean 48-19 markagailuan eta 5 puntu gehiago sailkapenean. Gaurkoan entseguak J. Goia, L. Gomez, K. Leauma, A. Matoto eta F. Lopezek (2) lortu dituzte.
Partidaren atarian bi taldeetako jokalariek Movember pankartarekin atera dituzte argazkiak. Aurten Movember Goierri MoHerri kanpainari bultzada berezia eman nahi izan diote, hainbat ekitaldi antolatuz.