Erdi arotik hasi eta ilargiraino
Hiru erakusketaren berri eman zuen Goierriko Hitzak gaurko egunez, duela 15 urte. Seguran Erdi Aroko jantziena, Olaberrian herriko argazki lehiaketakoa, eta Urretxun ilargitik ekarritako harriena.
Kulturak leku handia izan du urteotan Goierriko Hitzaren orrialdeetan, eta duela hamabost urteko egunkaria ere, horren adibide da. Hiru erakusketaren inguruko berriak aurki daitezke egun hartako orrialdeetan. Batetik, Seguran Erdi Aroko jantzien inguruan jarritakoa. Plaza Zaharreko Lagunek eta Udalak antolatu zuten elkarlanean. Erdi Aroko afaria eginez hasi ziren aurrena, eta gerora, Erdi Aroko Azoka bihurtuko zen egun hori.
Olaberrian berriz, Argazki Rallyko saritutako argazkiak jarri zituzten ikusgai. Jose Luis Feo bergararrak irabazi zuen sari nagusia, plazari ostatuko arkupetik ateratako argazki ederrarekin. Iñigo Korta azpeitiarra eta Carlos Mediavilla urretxuarra ere saritu zituzten. Herritarren arteko saria Amaia Agirrek jaso zuen.
Beste erakusketa bitxi baten berri ere eman zuen Hitzak egun hartan. Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia astearen inguruan antolatu zuten, ilargia gai nagusitzat hartuta. NASAko Eagle espaziontziak ilargitik ekarritako harkaitz bolkanikoa bertatik bertara ikusteko aukera izan zen, besteak beste.