Urteagak irabazi du aizkora apustua
Berrogeita hamar bat lagun bildu dira asteburuan Otsaurten, Xabier Urteaga eta Aitor Azalza beasaindarren arteko apustua ikusteko.
Ikusmina sortu du Xabier Urteaga eta Aitor Azalza beasaindarren arteko desafioak, eta eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, 50 bat lagun bildu dira asteburuan Otsaurten, apustua bertatik bertara ikusteko. Gosari ederra egin eta gero, Iturzabaleko pinudira joan dira denak, eta bertan egin dute saioa. Pinu bat aizkoraz nork lehenago bota zen erronka, eta Urteaga izan da bietan azkarrena. Epaile lanetan Juan Garmendia aritu da.
Bi aizkolari zaletuek egindako deiari dozenaka lagunek erantzun diete, eta asko izan dira, eskatu bezala, koadrodun alkondararekin joan direnak. Ez zegoen diru kopuru handirik jokoan, Kattalin erretegian bazkaria eta «ohorea» baizik. Sarrera moduan borondatea besterik ez zuten eskatu, eta jasotako dirua lursaila utzi dien jabearentzat izango da.