Zazpitik lauk egin dute aurrera
Asteburuan jokatu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako azken saioa; Goierriko zazpi ordezkarietatik lau pasako dira final erdietara.
Galbahea pasa du, beste behin ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Asteburuan jokatu dute final laurdenetako bosgarren eta azken saioa, eta erabakita gelditu da final erdietan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. Horietatik bost, zuzenean pasako dira, haien saioak irabazi eta gero.
Goierritarrei dagokionean, lehian ari ziren zazpi bertsolarietatik lauk eman dute hurrengo faserako pausoa. Nerea Elustondo, Iban Urdangarin, Amaia Iturriotz eta Iñaki Apalategi dira sailkatuak; Maialen Akizuk, Gorka Maizek eta Mikel Tapiak berriz, agur esan diote txapelketari.
Azkoitiako Baztartxo antzokian jokatu zuten larunbatean, final laurdenetako azken saioa. Beñat Gaztelumendi izan zen onena, eta zuzenean sailkatu da. Maialen Akizuk hirugarren egin zuen, baina saioko puntuazioak baxutik joan ziren, eta 443,5 punturekin, ez du galbahea pasa (azken sailkatuak 451,5 ditu).