Artzaintzari eta historiari begira
Larunbatean egingo dute San Martin Feria Zegaman. San Adriani buruzko ikerketa aurkeztuko dute gaur, eta bihar, San Pedro ermitako hilarriari buruz hitz egingo dute
Zegamako San Martin Feriak Aizkorri-Aratz natur parkeko artzainen lana goratzea du helburu, eta aurten, ohiko gazta lehiaketa eta herriko abereen erakusketaz gain, historiari begira ere jarriko dira, paraje horietan egindako ikerlan eta aurkikuntzak mintzagai izango baitituzte datozen egunetan.
Atzo hasi zituzten feria girotzeko ekitaldiak, Jose Mari Artolak Herri inguruan kontu kontari III ikus-entzunezkoa eskaini baitzuen. Gaur, berriz, Alfredo Morazak, Jexux Tapiak eta Manu Zeberiok San Adriango pasabideari buruz egin duten ikerketa aurkeztuko dute. Ekitaldia 19:00etan izango da, Jabier Otaegi kultur etxean.
Ikerkelan hori Xabier Azurmendi bekaren laguntzarekin egin dute. Beka hori bizpahiru urtean behin ematen du Zegamako Udalak, eta aurtengoa, orain arte argitaratu den laugarren lana da.
San Adrian ez ezik, San Pedro ermita ere aztergai izango dute bihar. Luis Mari Zaldua onomastikariak, bertan zegoen erromatar garaiko hilarriari buruzko azalpenak emango ditu. Ekitaldia Anduetza parketxean izango da, 19:00etan.
Ostiralean, kontzertua
Musikarako tartea ere izango da, Olatz Salvador donostiarrak bere lehen diskoa aurkezteko kontzertua egingo baitu ostiralean. Emanaldia elizan izango da, 19:30ean. Sarrerak 8 euroan jarri dituzte salgai, parketxean eta udaletxean. Egunean bertan 10 euroan salduko dituzte, parrokian bertan.
Feria, larunbatean
San Martin Feriako ekitaldi nagusiak, ordea, larunbatean izango dira. Herriko abereen erakusketa eta lehiaketa egingo dituzte, goizetik hasita. Iaz 100 abelburu baino gehiago aurkeztu ziren, eta aurten antzeko kopurua espero dute. Eguneko beste ekitaldi nagusia Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketa da. Parkean 26 ekoizle daude, eta horietatik lau dira zegamarrak: Olalde Artegia, Xabier Azurmendi, Ioritz Etxeberria eta Santi Etxezarreta. Hala ere, herriko gaztagileek ez dute oraindik Zegaman irabazterik lortu. Iaz Muniaingo Zabaleta nagusitu zen.
Egitaraua
Gaur, asteazkena
· 19:00. Iraganera bidaia bat: San Adrian/Lizarrate ikerketaren aurkezpena, kultur etxean.
Bihar, osteguna
· 19:00. San Pedro ermitako erromatar garaiko hilarriari buruzko hitzaldia, kultur etxean.
Etzi, ostirala
· 19:30. Olatz Salvadorren kontzertua, parrokian.
Larunbata
· 09:00-12:00. Herriko abereen erakusketa eta lehiaketa.
· 09:00-14:00. Parke naturaleko gazten salmenta, pilotalekuan.
· 09:00-14:00. Artisau produktuen azoka, ikastetxeko patioan, pilotalekuan eta plazan.
· 10:00. Txistularien kalejira.
· 11:00-13:00. Parke naturaleko gazta lehiaketa, pilotalekuan.
· 11:00etatik aurrera. Eusko Labeldun Tolosako babarrunaren dastatzea ikastetxeko patioan.
· 13:00-15:00. Txakoli dastatzea Tartaloetxe elkartean.
· 13:30. Lehiaketetako sari banaketa eta lehiaketara aurkeztutako gazten dastatzea, pilotalekuan.
· 17:30. Buruhandiak, plazan.
· 18:00. Pilota eskolako pilotarien partidak.Igandea
· 17:00. Asier Kidam magoa eta txokolatada, eskolako patioan.