Barandiaran Fundazioaren 2020ko beka arkeologia ikertzeko da
Joxe Migel Barandiaranen izena eta ondarea zabaltzeaz arduratzen den Barandiaran Fundazioak 2020ko bekaren deialdia egin du. Arkeologia lantzeko izango da oraingoan, etnologiarekin bi urtean behin txandatzeko joerari eutsita.
Berrikuntza batzuk baditu deialdiak. Batetik, fundazioak bultzada ikertzaile gazteei eta hasi berriei eman nahi diela eta, gaztetasunaren ezaugarria kontuan hartuko dutela aurreratu du. Bestetik, «gaiaren berritasuna» hobetsiko du epaimahaiak.
Arkeologiari buruzko proiektuaren txostena zehatza aurkeztu beharko dute ikertzaileek lehenik. Epea azaroaren 30era arte da. Urtea bukatzerako jakinaraziko dute bekaren irabazlea zein den, eta, ondoren, lana gauzatzeko urtebeteko epea izango du, 2020an bukatzekotan, «luzapenik gabe».
10.000 euroko beka
Beka jasotzen duenak 10.000 euroko diru hornidura izango du, hiru zatitan ordainduko dena.
Deialdia irekia da, Euskal Herriko nahiz kanpoko ororentzat. «Euskal kulturaren alor horretan lanean ari diren pertsonek aurkeztu ahal izango dituzte euren lanak». Bakarka edo taldeka antola liteke.
Txostena Barandiaran Fundazioaren egoitzara (Pedro Asua Kalea 2-2, 60. bulegoa, Gasteiz) bidali behar da, edo posta elektronikoz (gasteiz@barandiaranfundazioa.eus).
Proiektuan adierazi beharko dira lanaren interesa, hedadura, ikerketaren epeak, erabiliko den metodologia, lanerako guneak, baliabideak eta gastuen aurrekontua.