Goierriko ikerkuntza ongarrituko du Gerriko Bekak 30. urteurrenean ere
Lazkaon antolatutako bekarekin eskualdeari buruzko edozein gai landu ahalko da. Proiektua urtarrilaren 17rako aurkeztu behar da. 7.000 euroko beka emango dute
Gerriko Ikerlan Bekaren 19. deialdia egina dago. Ikerketa zientifikoa euskaraz lantzeko ohitura indartzeko eta Goierriri buruzko ezagutza handitzeko helburuarekin, 1989an ekin zion Lazkaon Goierriko Euskal Eskolak bideari. Idazlan sariketa zen orduan, ikerlan sariketa geroago, eta ikerlan beka azkenik eta orain. Bigarren urtetik Maizpide dute bidelagun, eta laugarrenetik Lazkaoko Udala. Hiruren artean antolatu dute 19.a ere.
Emaitza emankorra izan du bekaren historiak. 27 ikerlan saritu eta argitaratu dituzte, 24 liburutan. 18. deialdian bekatutako lana, 1936ko gerrari eta frankismoaren eraginari buruzkoa, «bidean» da.
Aurreko beken ildotik, aldaketa gutxi dute azken deialdiaren oinarriek. Proiektua (15 bat orri) aurkezteko epea 2020ko urtarrilaren 17ko 12:00etan agortuko da (gerrikokultura@gmail.com; 943 16 02 82).
«Proiektua aurkeztu behar da, eta horren baitan aukeratzen dugu ondoren epaimahaia. Horregatik, proiektua ondo landu behar da, hor jokatzen delako irabazi ala ez. Ez da gai interesgarria aurkeztea bakarrik; epaimahaiari konfiantza eman behar dio proiektuak, lanerako gogoa eta fundamentuzko ikerlana egiteko aukera dagoela erakutsi», azaldu du Joxepa Madariaga antolatzaile koordinatzaileak.
Diru saria eta argitalpena
Behin proiektuak jasotakoan eta haiek aztertutakoan, epaimahaiak martxoaren 13an jakinaraziko du saritua zein den. Urtebeteko epea izango du, ondoren, proposatutako ikergaia garatzeko eta lana aurkezteko: 100 orrialde, gutxienez.
Bekaren diru-hornikuntza 7.000 eurokoa da. «Eskatzen den lanarentzat ez da agian ikaragarrizko saria. Baina, egia esan, ikertzaileek gehiago eskertzen dute lana argitaratzea, dirutan ematen den saria baino».
Gerriko Ikerlan Beka literatura sariketa ez dela argi utzi du Madariagak. «Liburu hauek ez dira publiko orokorrak irakurtzeko pentsatuak. Oso espezializatuak dira, eta beste ikertzaile batzuentzat edo gaian sakondu nahi dutenentzat da aproposa. Unibertsitate munduko ikasleak eta irakasleak dira gure bezeroak». Unibertsitateak ikerketari geroz eta garrantzi gehiago emateak, bekaren apeta eta harekiko interesa piztu ditu.
Baina, ikerketa, edozeinek egin dezake, bakarka ala taldeka. Ez dute unibertsitateko titulaziorik edo akademiko jakinik eskatzen. Hori bai, lanketa-metodologia zientifikoa behar du.
Landu daitekeen gaitegia ere zabala da, «edozein gai» aukera liteke, beti ere Goierrirekin edo goierritarrekin lotura duena. Orain arte argitaratutako liburutegi oparoari begiratu besterik ez dago. «Eskualdeaz informazio asko ari gara argitaratzen. Balioa hor dago», dio Madariagak.