Ikastola-Seirak taldetik Urolara
Emakumezkoen futbolak Urretxun eta Zumarragan ere pauso handiak eman ditu. Marijo Maniega urretxuarrak oso ondo ezagutzen du bilakaera. Bizitza osoa darama futbolean.
Marijo Maniegak oso ondo ezagutzen du emakumezkoen futbolak Urretxun eta Zumarragan izan duen bilakaera. Ikastola-Seirak taldeko jokalaria izan zen, emakumezkoen lehen taldea, eta egun Urola klubaren emakumezkoen futbola koordinatzen du.
Maniegari beti gustatu zaio futbola. «Umetan nire anaiekin eta auzoko gainontzeko mutikoekin jokatzen nuen: lizeoko patioan, Urretxuko etxe-orratzeko plazatxoan… Labeaga ikastetxean ikasi nuen eta lagun batek eta biok mutilekin jokatzen genuen. Nahiko onak ginen eta ez ziguten zailtasunik jartzen. Eskola kirolean ere beraiekin jokatzen genuen».
Hala, Ikastola-Seirak taldea sortu zenean, ez zuen zalantzarik izan. «Asensio Sudupe zenaren bitartez hasi ginen Ikastola-Seirak taldean. Urte askotan inguruko talde bakarra izan zen. Hasieran 20 gol sartzen zizkiguten, baina pixkanaka besteen mailara iritsi ginen».
Taldeko giroa «zoragarria» zela dio. «Gure arteko harremana oso ona zen. Gutxien jokatzen zuten taldekideek ez zioten gehien jokatzen genuenoi animatzeari uzten».
Etxekoen babesa, ordea, ez zen egungoa bezalakoa. «Neskatila nintzenean, amari ez zitzaion nik futbolean jokatzea gustatzen. Ez zidaten debekatu, baina ez zidaten babesik eskaini. Aita partida pare bat ikustera joan zen. Egoera egungoaren oso ezberdina zen. Egun gurasoak entrenamenduak ikustera ere joaten dira. Hori gehiegizkoa iruditzen zait».
Urolaren babesa ere ez zuten izan. «Argixaon entrenatzen genuen, baina ez ginen Urolakoak. Garai hartan Urolak ez zuen emakumezkoen futbola babesten. Instalazioak udalarenak dira eta hartxintxarrezko zelaian jokatzen genuen. Oker ez banaiz, bi aldiz bakarrik jokatu genuen belarrezko zelaian», gogoratu du.
Lanean hasi zenean, Ikastola-Seirak taldea utzi zuen. «Artean oso gazte nintzela, ikasketak utzi eta lanean hasi nintzen. Entrenamenduak eta lana uztartzeko arazoak nituen eta taldea utzi nuen. Lau denboraldi eman nituen Ikastola-Seirak taldean. Baina talde hartan jokatu genuen emakumeok beterano talde bat dugu. Beste beterano batzuen aurka jokatzen dugu. Oso giro ona dugu. Beterano taldean 42 emakumezko gaude», azaldu du urretxuarrak.
Emakumezkoen futbolaren gorakada pozez bizi du. «Realekoa naiz eta Leire Baños de nire jokalari kuttuna. Realaren nesken taldeak lehenengoz Anoetan jokatu zuenean, han izan nintzen. Sekulako poza sentitu nuen. Nik ere aletxoa jarri nuela sentitu nuen».
Aitzindarietako bat izan zen, jokatzen jarraitzen du eta Urolaren emakumezko taldeen gainbegiralea da. Harri-koskorra baino, harritzarra ekarri du.
Zuzendaritzako kide
Amaia Elgarrestaren eskutik heldu zen zuzendaritzara. «Zuzendaritza berriak emakumezkoen futbolaren aldeko apustu sendoa egin behar zuela jakin nuen eta, denbora gutxi nuen arren, nire babesa ematea erabaki nuen. Oso gustura gaude. Neskak asko babesten ditugu, gustura egon daitezen. Oinarri sendoak jarri ditugu. Klubera heldu ginenean kadete mailako taldea eta haur mailako neska gutxi batzuk besterik ez zeuden. Haur mailako taldea ateratzea lortu genuen eta Kopa irabazi zuten. Egun bost talde eta futbol eskola ditugu. Ikastola-Seirak taldeko taldekideetako batzuek talde hauetako batzuk entrenatzen dituzte. Denboraldi amaieran zuzendaritza utziko dugu eta nesken futbola maite duen jende gehiago azaltzea espero dugu».
Neskak futbolean jokatzera animatu nahi ditu. «Urolako neskei emakumezkoen futbola duela 30 urte nolakoa zen kontatzen diet, baina batez ere futbolak asko eman didala esaten diet. Futbolaren eskutik lagun asko egin ditut. Ez dakit zenbat kopa irabazi nituen. Ezta zenbat gol sartu nituen ere. Hori guztia ahaztu egin dut. Igarotako une ederrak, ordea, ez ditut ahaztu».