Kikarakada bat txokolate hezkuntza bermatzeko
Kikarakada proiektuarekin bat egin du Goierriko Osoa Cooking-ek. Elkartasuna, sukaldaritza eta artea ditu ardatz eta kikarak salduta Lesbosko haur errefuxiatuei hezkuntza bermatzea du helburu.
Txokolatea da munduko edozein haurri falta beharko ez litzaiokeen gozamenerako elikagai unibertsala. Egun korapilatsuen ondoren, zenbaitetan txokolatea izan da medizina. Arazoak ez ditu konpotzen, baina goxatzen laguntzen du. Eta haur baten ahotan, zoriontasunaren isla da.
Ideia hori buruan, Greziako Lesbos uhartean dauden haur errefuxiatuentzat hezkuntzarako azpiegiturak lortzeko baliabide ekonomikoak eskuratzeko asmoarekin sortu da Kikarakada proiektua. Hiru zutabe batzen ditu: elkartasuna, sukaldaritza eta artea. «Galder Izagirre musikari eta argazkilaria telebista aurrean zegeola, errefuxiatuen krisi humanitarioari aurre egiten laguntzeko zerbait egin behar zuela eta horrela Kikarakada elkartasun proiektua abiarazi zuen» argitu du proiektuarekin kolaboratzen ari den Anne Otegi sukaldari goierritarrak.
Euskal Herrian haurrei txokolatea jaten zuten bitartean argazkiak ateratzen hasi zen Izagirre. Gaztezuloko Gaizka Izagirrek eta Zaporeakeko Oraitz Garciak ere bat egin zuten proiektura eta hirurek Lesbosera bidaia egin zuten. Moriako errefuxiatu kanpamenduaren kanpoaldean txokolatada bat antolatu eta bertako haurrei ere argazkiak atera zizkien txokolatea edaten zuten bitartean Izagirrek.
Euskal kulturako zenbait eragile, sukaldari, idazle, bertsolari, kazetari eta musikarik ere bat egin dute ondoren, euren sormena proiektuaren alde jarriz. Horixe izan da Otegik berak eta Osoa Cooking proiektuko beste hanka den Vanessa Blazquezek ekimen horrekin bat egin duten unea. «Zaporeakeko Oraitz gurekin harremanetan jarri eta horrela jakin genuen ekimenaren berri» esan du Otegik. «Ideia nagusiarekin guztiz bat gentozen, izan ere, hezkuntza eta kultura dira gizarte baten ardatz nagusiak eta proiektu hau, gure bizitza filosofiarekin bat dator guztiz».
Kikarakada «proiektu zirkularra» dela nabarmendu du: «Kikararen salmentaren bidez lortutako diruarekin, testuak, errezetak eta argazkiak elkartuko dituen liburua argitaratuko da eta liburu horren salmentarekin eskuratutako dirua, Lesbosko haur errefuxiatuen hezkuntzan laguntzeko bideratuko da». Kikaren kolorea ez da kasuala, «salbamendu-txalekoen kolorea du. Kikarak Elkar dendetan eta www.kikaradaka.eus webgunean eros daitezke.
Datuak gora
Errefuxiatuen krisia lau urtera bidean da eta Lesbosen etorkinen iritsiera zifrak goraka doaz. Zaporeak elkartearen arabera, urrian 23.000 errefuxiatuk egin dute Turkiatik Lesbosera mugitzeko saioa. Azkenean, 7.000 izan dira Greziara iritsi direnak eta 15.000 pertsona Turkiako poliziak bidean geldiarazi dituenak. Egun, Greziako irletan 35.000 pertsona errefuxiatu baino gehiago daude «gatibu», elkartearen datuen arabera.