Kristalezko bolaren gisa
'Egunkaria auzia' injustizia hutsa zela salatu zuten auzipetuek 2004ko azaroan. AHT gera zitekeela esaten zen garaia zen. Alargunak txiro eta euskara beltz ziren. Deba eta Olano, errege
«Benetako delitua Egunkaria ixtea izan da». «Legezkoak izan dira sortu ditugun enpresa eta elkarte guztiak». 2004ko azaroan Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzipetze autoa zen mintzagai. Auzipetuek babesgabe sentitzen zirela salatu zuten, eta euskarazko egunkariaren aurkako erasoa gaitzetsi zuten. Epai batek injustizia izan zela esan baino sei urte lehenago.
AHT zen beste gai izar bat. Gera zitekeela sinistuta zeuden AHT Gelditu Elkarlanekoak. «Posible da, eta geure esku dago; orain da momentua» zioen Dani Etxeberria itsasondoarrak, elkarrizketa batean. Euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen lotura Ordizian izan zitekeela zabaldu zen. Joxe Arizmendi ordiziar zinegotziak azaldu zuen HITZAn ez zegoela fundamentu handirik asmo horretan.
Zumarragan buzkantza garaia zen. Lehiaketa egiten zuten artean, 11k parte hartuta. Jesus Mari Debak irabazi zuen 2004koa. Beasainen, noski, odolkiarena. Isabel Imazek irabazi zuen, Olano harategikoak. Bertako produktuen aldeko aldarrikapena egin zuen, «jaterakoan antzematen» dela ziurtatuta.
Tolosako Abesbatza Lehiaketara etorritako Coralina kubatar korua Seguran aritu zen. Josu Altzelaik Eiluz elkartearen argazki lehiaketa irabazi zuen. Eta Jon Plazaola aktoreak orduan umoregilea «herrian egiten diren emanaldien parekorik ez» zegoela baieztatu zuen; publikoa zuen gogokoen.
Lasa Ama Dablamen
Cho Oyun hildako Xabier Ormazabal mendigoizaleari azken agurra azaroaren 9an egin zioten, Urretxuko Pagoetan. Jendea aurreko plazatxoan, kabitu ezinik. Bezperan ekarri zuten gorpua, hegazkinez, Nepaldik.
Pozezko malkoak ere jaulki zituen mendiak, egun haietan. Koke Lasa ormaiztegiarrak «betiko ametsa» bete zuen, Ama Dablam ikusgarria igota. Dioni Galparsoro Kaiku taldeko buru izango zela aurreratu zuen HITZAk.
Gizartean, ez dira gauzak asko aldatu. «Eskualdeko alargun asko ia pobrezian daudela salatu dute», zioen San Martin eguneko titular batek, eta pentsioak igotzeko mozioak landu zituzten Goierriko 22 udalek.
Euskal Herrian Euskaraz taldearen 25. urtemugan, han ibilitako Karmele Aierbek eman zituen borroka haien oihartzunak. «Etorkizuna bide beretik ikusten dut. Neurriak berehala hartu ezean, nahiko txarra».