«Legazpi Nagusilanek Gipuzkoan boluntario gehien duen herria da»
Abendura arte Ugarte (Legazpi, 1953) ez da Legazpiko Nagusilaneko koordinatzailea izango, baina dagoeneko ari da ardura hori egikaritzen. 60 boluntario dira Legazpin.
Asun Ugartek duela bost urte erretiroa hartu zuen Urola enpresan. Pertsonal sailean aritu zen lanean. Nagusilanen sartzeko tentatu zuten, eta oporraldi bat hartu ondoren, Gipuzkoan lan egiten duen Nagusilan boluntario sarean sartu zen, Legazpiko adarrean.
Aipatu ditu bere Nagusilaneko lankideak, ez du inor ahaztu nahi: Jose Ramon Hernandez, Manuel Fernandez, Mari Jose Cantero, Jacier Iraeta, Javier Arrieta, Puri Oria, Maribi Zabalo eta Mikaela Garcia. Bere hasierako lantaldea da; batzuk ez daude jada, baina, dioenez, aurrekoek egindako lan guztiari esker dauka Legazpiko Nagusilanek egun daukan indarra.
Zenbat boluntario zarete Legazpin?
60. Legazpiko bizilagun kopurua kontuan izanda [8.391 bizilagun 2017ko datuen arabera], Gipuzkoan boluntario gehien daukan udalerria da. Aizkorriko haizea lagun dugula esaten diegu beste herrietako kideei. Kopuruaz harago, oso talde aktiboa gara.
Zein da Nagusilanen jardunaren bokazioa?
Bakardadean bidelagunak izatea, hori da gure bokazioa. Bokazioa oso hitz polita da. Nagusilanen hasteko gogoa duen batek ea balioko duen galdetu dit, nik nire buruari galdera bera egin nion. Gero, lanean hasten zara eta harrapatu egiten zaitu. Oso gauza xumeek asebetetzen zaituzte: adinekoekin egon, paseatu… Zenbat une goxo pasa daitezkeen. Bokazioa giltza da.
Santikutz egoitzan eta Eguneko Zentroan aritzen zarete batik bat.
Bai. Lehen etxez etxeko zerbitzu gehiago egiten genuen, orain gutxiago, behar zehatzen bat badago soilik. Gu ez gaude profesionalen lana ordezkatzeko, gu boluntarioak gara.
Nola antolatzen duzue lana?
Taldeetan banatuta gaude, talde bakoitzean bospasei lagun. Astelehenetik ostiralera egoitzara zein zentrora joaten gara eta gure talde bakoitzak 10-12 egoiliar hartzen ditu. Egutegien eta egitekoen plangintza aurrez egiten dugu.
Zein ekintza mota egiten duzue?
Aldaketa garaian gaude. Bingoan asko aritu izan gara eta orain beste ekintza mota batzuekin probatzen ari gara. Adibidez, ziber gelara joaten gara eta ordenagailuak pizten, sagua erabiltzen eta albisteetara iristen erakusten diegu. Oso gustura dabiltza. Halakorik egiteko ahalmenik ez dutenekin kartetan, makillajean, abesten eta irakurtzen aritzen gara. Asteko egun zehatz batean boluntario bat abestera joaten da.
Eguraldi onarekin bizpahiru adinekorekin kalera ateratzen gara. Udan, ostiraletan, azokara joaten gara. Asko gustatzen zaizkien ekintzak dira.
Ospakizunak ere egiten dituzue.
Legazpiko jaiak, Inauteriak, Gabonak, udazkena, udaberria… Bai, ospatzen ditugu. Iazko Inauterietan, esate baterako, festa ikaragarria egin genuen egoitzan, bertako langileak izugarri inplikatu ziren.
Zuek Elikagai Bankuaren bilketak antolatzen dituzue, ezta?
Bai, azaro amaieran egingo dugu bilketarik handiena. Lagunkoia programan eta Agenda 21ean ere parte hartzen dugu.
Boluntarioen prestakuntzan lanean ari zarete Nagusilanen.
Bai. Nahiz eta boluntarioak izan eta ekintza batzuk nahiko automatikoki egin, beste batzuetan hobetu dezakegu eta horretarako trebatzea ezinbestekoa da. Legazpi da formakuntza ekintza gehien antolatzen dituen herria.
Boluntario lanak zer ematen dizu?
Aurrera jarraitzeko motibazio handia. Inguruan daukagunari erreparatu, eta urrunera joan gabe badaukagu zer egina.