EH Bildu eta PSE-EEren arteko ika-mika Zumarragako osoko bilkuran
EH Bilduk osoko bilkurako aktak euskaraz idaztea eta arkitektoa funtzionarioa izatea eskatu zuen. Goialdeko urbanizazioaren bederatzigarren fasea onartu zen
Zumarragako udalaren azken osoko bilkura beroa izan da oso. EH Bilduk eta PSE-EEk eztabaida beroak izan dituzte hiru gaien inguruan, aste honetako osoko bilkuran. EH Bildukoek osoko bilkurako aktak euskaraz ez idaztea leporatu zieten, arkitektoa oposizio bidez kontratatzea eskatu zuten eta enplegu teknikaria kontratatzeko eskakizunekin desadostasuna azaldu zuten.
Josu Aztiria EH Bilduko bozeramaileak uztaileko plenoan osoko bilkurako aktak euskaraz idaztea eskatu zutela eta oraindik gazteleraz bakarrik idazten direla salatu zuen. Mikel Serrano alkateak gaia aztertzen ari direla erantzun zuen.
Bestalde, galdera-erantzunen tartean, beste behin, kontu hartzaileak prestatutako eragozpen txostenari buruz hitz egin zuten. Eragozpen hori udalarentzat lan egiten duen arkitektoarekin lotuta dago.
Arkitektoaren gaia
Aurreko osoko bilkuran EH Bilduk gaia aztertzen jarraituko zuela aurreratu zuen, eta hala egin du. 2018ko kontratazioak aztertu dituzte eta kontratazio legea betetzeko zatitu egin direla uste dute.
Bestalde, udalak arkitektoa lau urterako kontratatzeko asmoa duela salatu zuen. «Funtzionario plaza gordeta dago eta atera egin behar da. Legeak ere hori dio. Zergatik ez da enplegu publikorako eskaintza bat egiten? Azpikontratazioak bultzatzen ari gara».
Horretaz gain, enplegu dinamizatzaile posturako deialdia Lanbideren bidez egitea, euskara ezinbestekoa ez izatea eta 7 urteko esperientzia eskatzea kritikatu zuen. «Arraroa egiten zait. Badirudi deialdia ad hoc egina dela». Serranok gertatuko ez diren gauzak iragartzea leporatu zion.
Bestalde, osoko bilkuran Jai-Alai kaleko 2 eta 6 zenbakietako bi lursail txikiren kalifikazioa aldatzea, eta lursail horiek bizilagunei saltzea onartu zen. Hori guztia beharrezkoa da igogailuak egin ahal izateko.
Horretaz gain, herriaren goialdeko urbanizazioaren bederatzigarren fasea onartu zen. Zortzigarren fasean ospitaleko igoera zaharberritu zen (Argixao gerontologikoraino) eta 9. fasean gerontologikotik aurrera lan egingo dute. Obra horren aurrekontua 423.000 eurokoa da.