«Norberaren segurtasun ezarekin lehiatzea ere sortu du lan honek»
Moriarti ekoiztetxearen 'La trinchera infinita' Goierriko zinemetara iritsi da eta Jose Mari Goenaga zuzendaria Ordiziako Herri Antzokian izango da bihar, 22:15ean.
Kontatu dituzu azken hilabetean jasotako zorion mezuak eta egindako elkarrizketak?
Kontatu ez, baina pila bat izan dira. Elkarrizketak asko, eta jasotako mezuak, ez dakit esaten. Kalean ere gelditzen naute. La trinchera infinita-ren ondoren nabaritu dut batez ere. Hitz oso politak esaten dizkidate, badirudi egin dugun azken lana gustatu dela.
Kontatu daitekeen pasadizoren bat?
Ba nik ez dut kontatzeko aparteko ezer, baina filmean lan egin duen aktoreetako batek kontatzen zidan atzo, orain arte gertatu ez zaion zerbait gertatu zaiola azken egunotan. Badirudi supermekatuan erosketak egiten ari zela emakume batek ezagutu zuela. Inguruan zituen beste batzuei La trinchera infinita filmean agertzen den aktorea ote zen galdetu, eta azkenean hiru-lau emakumek inguratu eta filmari buruzko analisia egiten hasi ziren. Umoretsu kontatu zidan.
Nolatan heldu diozue satorren istorio bati filmean?
La Claqueta eta Irusoin ekoiztetxeek egindako 30 años de oscuridad dokumentala ikustetik jaio zen. Oso gai interesgarria iruditu zitzaidan lekukotasun gisa. Gehiago dokumentatu eta garbi izan genuen.
Ikuspuntua, izkutatuta gelditzen zen pertsona izango zen, eta handik kanpoko aldea ikusi. Kanpoan gertatzen diren aldaketak ikusi edo somatuko dira ikuspuntu horretatik. Soinuarekin eta off ahotsarekin asko jokatu dugu. Erronka handia izan da.
Gainera, beldurrari buruzko alegoria bat sortzeko aproposa zela iruditu zitzaidan. Erakargarria zen, alde metaforikotik eta zinematografikotik. Beldurrak bizitza baldintzatu dezake, eta hori ere landu nahi genuen.
Pertsonaia eta lokalizazio gutxi egoteak lana errazten duela esan ohi da.
Proiektu honekin hasi ginenean film erraza izango zela uste genuen, Handia-rekin alderatuta. Baina Ander Sistiaga gure produkzio zuzendariak esan ohi du ez dagoela pelikula errazik. Gidoiaz aparte, kooprodukzioak eskatzen zituen gauzengatik. Bigarren hori, Euskal Herriaren eta Andaluziaren artean egin dugu. Taldeak euskalduna eta andaluza izan behar zuen. Grabaketa bi tokitan egin nahi izan da. Gainera, filmean kontatzen den istorioarekin zuzenki lotuta, karakterizazioa ere erronka izan da. 30 urteko kontakizuna egiten dugu eta makillajea oso kontuan izan dugu, pertsonaiak zahartu behar zirelako. Horretaz gain, pertsonaiak gizendu egin behar zuen. Horrek pelikula bi zatitan egitea eskatu du.
Gazteleraz lan egin duzuen lehen aldia da, gainera.
Film laburrak eta dokumentalak egin izan ditugu gazteleraz, baina film luzerik ez. Gazteleraz baino, andaluzieraz da gainera, eta arrotz sentitzen genuen. Gidoia gazteleraz idatzi genuen, baina errealitate kutsu bat eman nahi genuen, eta horretan aktoreek asko lagundu dute. Argi geneukan aktoreek andaluzak izan behar zutela, haiek egin zezaketen ekarpenak aberatsagoak izango zirelako, bai ahoskerari eta esamoldeei dagokienez, baita haien iragana ekartzerako orduan ere.
Antonio de la Torre eta Belen Cuesta izan dira protagonistak eta haien aiton-amonek nola esango luketen, hori nahi genuen. Bidaia geografikoa eta denboran zeharrekoa ere izan da lan hau.
Ikasteko ere balio izan du beraz.
Kasu honetan aktoreekin lan egiteko modua pauso bat harago eraman dugu. Pertsonaia berea egiten duten aktoreekin egin dugu lan, eta haiekin asko hitz egin behar izan dugu, ikusteko lana nondik eraman. Dena den, askatasuna ere izan dute, inprobisaziora beste batzuetan baino gehiago jo dugu. Norberaren segurtasun ezarekin lehiatzea ere sortu du lan egiteko modu horrek, baina azkenean positiboa izan da, pertsonaiak eta filma bera aberastu dituztelako.
Filma ikusi aurretik, haren iraupenak askori beldur pixka bat eman die. Nola lortu duzue ikusleak aulkira itsatsita gelditzea?
Bi ordu eta erdi irauten ditu eta jende askorentzat luze izan daiteke, nahiz eta hori eta gehiago irauten duten beste film asko ere badauden. Baina tira, oraindik ikusi ez, eta horrek beldur pixka bat ematen dien haiei esango nieke modu oso intentsoan biziko dutela filma, eta ez zaiela luzea irudituko. Gauza asko esaten eta gertatzen dira.
Guk ere hasieratik bagenekien luzea izan zitekeela, baina kontuan izan behar da 30 urteko kontakizuna egin dugula eta ikusleak 30 urteko itxialdi hori sentitzea nahi genuela. Luzera deberdinetako emaitzak egin genituen, baita laburragoak ere, baina pelikulari entzun egin behar zaio, eta honako bertsio hau da ondoen funtzionatzen duena.
Badituzue film batzuk bizkarrean. eta Moriarti estiloa sortzen ari zaretela esan daiteke?
Pentsatzen dut zerbait gelditzen dela. Guretzat agian zaila da esaten baina egia da, atzera begiratuta, hainbat gauza errepikatzen ditugula eta horretaz konturatzen naiz. Gaiei dagokienez, esaterako. Proiektu berri bat planteatzerakoan zerbait guztiz desberdina egingo duzunaren sen- tsazioa duzu, eta ondoren konturatzen zara uste baino lotura gehiago dutela.
Pertsonaien tratamenduan ere egon daiteke klabea, eta agian horretan nabaritzen da gehien Moriartiren izaera. Miseria txikiak dituzten pertsonaiak dira, baina era berean pertsonaiak asko maitatzen saiatzen gara.
Azkenik, nahiz eta umorea ez dugun gehiegi jorratzen, iruditzen zait gure pertsonaien konfliktoen azpialdean beti dagoela ironiaren bat, eta kasu honetan ere hala da. Jendeak behintzat momentu pare batean barre egiten du. Ez da komedia bat, baina gai serioak direnean, pixka bat erlaxatzeko umore puntu bat ere behar da.
Heriotza ere beti hor agertzen da, badirudi horrekin fijazioa dugula, ehorketak, gorpuekin joko bat.
Asteburuan etxera bueltatuko zara, Ordizian aurkeztuko baituzu filma. Nola zaude?
Poz eta ilusio handiarekin. Gainera, La trinchera infinita prestatzen ari ginenean Sevillan nengoen eta Artzain Egunean gazta berria mozteko gonbidatuta nengoen, baina azken momentuan ezin izan nuen etorri. Euskal Jaietan gazta txapelketan epaile lanak egiteko deitu eta han izan nintzen. Horrekin lasaiago gelditu nintzen, baina aurkezpena eginda, poz-pozik geldituko naiz.