Dantza, fabulak eta pailazoak
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek Bizi Dantza ikuskizun berriaren aurre estreinaldia egin dute Legazpin. Euskal dantzen tradizioari begiratu diote oraingoan. Disko-liburua ere atera dute.
Legazpiko haurrak Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek ikuskizun berrien termometroa dira. Urtero-urtero bertan egiten dute aurre estreinaldia. Sudurrak margotuta eta ileordeak buruan agertu ziren atzokoan Latxartegin hainbat haur; gehienen begiak arrainenak bezain biribil. Bizi dantza sortu dute aurten Katxiporretako pailazoek. Euskal Herriko dantza tradizioari errepasoa egiten diote oholtzan kantu eta kontu artean. Eta ikuskizuna harilkatzeko fabulak, hau da, animaliak protagonista dituzten istorioak.
Atzo Legazpiko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrek bete zuten Latxartegi. Bertan izan ziren, baita ere, Azpeitiko Garaguneko kideak. Estreinaldi ofiziala Eskoriatzan egingo dute bihar.
Goierrin sonatua izaten da Ordizian egiten duten ikuskizuna. Aurten data aldatuta dator eta Gabon bueltan baino, abenduaren 14an izango da. Izen bereko diskoa atera dute ikuskizunaren estreinaldiarekin batera.
Pailazoek, oraingoan ere, bidelagun askorekin batera ondu dute lana. Abestien letrak Leire Bilbaok idatzi ditu. Vanesa Castaño eta Jon Maya dantzariek koreografiekin lagundu diete. Xabier Zabalak doinuak sortu ditu. Maite Mutuberriak egin ditu disko liburuko ilustrazioak. Diskoaren grabazioa, non Ordizia-Goierri Musika Eskolako eta Idiazabalgo haurrek abestu duten, Kaki Arkarazo lazkaotarraren estudioan grabatu dute. Diskoaren aurkezpena gaur egingo dute Lasarte Orian.
Dantzek euskal kulturan eta euskaldunongan duten eraginari erreparatu diote berehala jira biran izango den ikuskizun berrian.