Erkudengo Ama koruak parrokian abestuko du
Azaroan Musika zikloaren barruan, Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak kantatuko du bihar.
Azaroan Musika zikloaren bigarren emanaldia izango da biharkoa. Legazpiko parrokian, Santikutz abesbatzak gonbidatuta, Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak kantatuko du. Legazpiko koruak dituen truke harremanen ondorio da gonbidapena. Kontzertua 20:00etan hasiko da.
Altsasuko abesbatza 1982an sortu zuten eta, gaur-gaurkoz, 40 bat lagunek osatzen dute. Zuzendaria Inma Arroyo da. Koruak polifonia eta folklore pieza errepertorio oparoa dauka. Nafarroako Gobernuak antolatutako egitasmo askotan parte hartzen du eta Euskal Herriko herri askotan ere abesten du.
Santikutz abesbatzak bezala, Erkudengo Ama koruak beste talde askorekin truke harremanak ditu eta Espainian barrena kantatzen du. Argentina, Brasil, Paraguai, Sardinia, Portugal eta Herbeheretan ere ibilia da. 2012an Atarrabia Abesbatza lehiaketan lehenengo saria irabazi zuen.
Azaroan Musika zikloaren barruan, hurrengo emanaldia Ispirit soul eta gospel saioa da. Azaroaren 17an egingo dute, eta hura ere Legazpiko parrokian izango da.