Espainiar hauteskundeen errepika igandean da, urtean behingo martxan
2015-2019 lau urtekoan laugarren deialdia da. 1977tik, berriz, 60. hauteskunde bozketa. Apirileko partaidetzatik (%74,7) asko ez erortzea dago ikuskizun. Kanpaina epela, gaur arte
Espainiako Gorte Nagusietako bi ganberetako ordezkariak aukeratzeko, bozkatzera deituta daude goierritarrak, iganderako. Aurtengo urtean bigarren deialdia izango da, apirilaren 28koaren ondotik. Gobernurik osatu gabe geratu dira Espainian, 2015etik bigarren aldiz, eta berriz eman ahalko da botoa.
Goierrin, 52.000 bizilagunek daukate eskubidea. Igandean, 09:00etatik 20:00etara, eskualdeko 22 udalerritan 40 hautes toki egongo dira irekita; Ezkio eta Itsaso barruti bakartzat hartu dute oraingoan ere, eta Santa Lutziko Anduaga eraikinean bozkatu beharko dute itsasoarrek ere. Denera, 86 hautes mahai osatuko dituzte.
Espainiako Diputatuen Kongresua eta Senatua 1.491 egunen buruan dago berritu beharra, gehienez. 1977an lehenbiziko hauteskunde eratzaileak egin zirenetik, 15. deialdia izango da igandekoa. Batez beste, 2,8 urteko iraupena izan du legealdi bakoitzak: 1.044 egunekoa.
Guztira, 60. hauteskunde deialdia da, 1977tik. Tartean daude lau erreferendum ere: Espainiako Konstituzioarena 1978an, Euskal Autonomia Estatutuarena 1979an, NATOrena 1986an eta Europako Konstituziorena 2005ean. Sarri, hauteskunde deialdi bat baino gehiago egun berean bozkatu dira, udal eta foru hauteskundeak kasu; edo Europakoak horiekin batera, aurtengo maiatzean bezala.
Espainiako bozei dagokienez, 2015etik laugarrenak dira etzikoak. Urtean bat, berez legealdi bakarreko epea litzatekeenean. 2015eko abenduko eta 2019ko apirileko hauteskundeek osatutako parlamentuek ez zuten gobernurik osatu ahal izan.
Hamabi hautagaitza
Apirilean, Kongresurako EAJk 2 diputatu, EH Bilduk 2, PSE-EEk bat eta Elkarrekin Podemosek bat lortu zituzten Gipuzkoan. Herrialdeari sei diputatu hautatzea dagokio. Etzi, hamabi hautagaitza izango dira lehian.
Hiru goierritar dira diputatu hautagai: Juan Mari Olano gaintzarra (EH Bildutik 3.), eta Xabier Barandiaran ataundarra eta Garbiñe Mendizabal zaldibiarra (EAJtik 5. eta 6.).
Senaturako, berriz, lau senatari izendatuko dira Gipuzkoatik, boto bidez (senatariaren izena markatu behar da, ez zerrenda osoa). Apirilean, bi goierritar sartu ziren Senatuan: Mertxe Garmendia lazkaotarra eta Luke Uribe-Etxeberria beasaindarra, EAJkoak biak. Biak daude orain ere jeltzaleen zerrendan.
Gorteetarako apirileko deialdian, Goierrin EAJk batu zituen boto gehien. Kongresurako 12.688 boto lortu zituen, 2016an baino 3.146 gehiago. EH Bildu izan zen bigarren indarra (10.983), hiru urte lehenago baino 2.310 gehiagorekin. PSOEk ere igoera aipagarria izan zuen Goierrin udaberriko bozetan, eta hirugarren postua berreskuratu zuen: 6.448 boto, bi mila igota. Elkarrekin Podemosek gainbehera handia jasan zuen, 2.907 boto galduta, 5.832an geratuz.
Abstentzioa %25,31 izan zen duela sei hilabete. Etzi asko ez igotzea da beste erronka bat.
Kanpaina motza eta epela
Inoizko hauteskunde kanpainarik motzena izan dute, bestetik, 14. legealdiari bide emango dioten hauteskundeok. Zortzi egun besterik ez du iraungo, urriaren 31tik azaroaren 1erako gauerdian hasi, eta gaur gauerdian amaitu bitarte.
Luzeraz bezain motza izan da alderdien presentziaz ere. EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk egin dituzte ekitaldiak. Hori bai, Gipuzkoako diputatugai zerrendaburuak etorri dira: Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) gidatu zuen Ordizian hilaren 1eko ekitaldia; Odon Elortza (PSE-EE) Zumarragan izan zen larunbatean, Maddalen Iriarterekin; eta Joseba Agirretxea (EAJ) Beasainen mitinean izan zen herenegun, Andoni Ortuzarrekin. Eskualdeko alderdikideen babesa jaso dute denek. Igandean, goierritarrek erabakiko dute nor bozkatu.