Lazkaoko triatletek igeriketa solidarioa egin dute, Movemberren alde
Gizonezkoen osasuna eta bizitza osasungarriagoa bultzatzeko Movember mugimendua babestu dute. Igerilekuan erreleboka igeri egin dute, eta 150 euroko diru ekarpena batu dute.
Lazkaoko Tri Antzar triatloi taldekoek igeriketa solidarioa burutu dute, Barandiaran kiroldegian. Movember mugimenduarekin bat egin, eta 100 metroko igerialdiak egin dituzte triatletek. Errelebo bakoitzeko, euro bat jarri dute partaideek. Diru kopuruaren beste horrenbeste jarri du, bere aldetik, Tri Antzar taldeak, partaideen ekarpena bikoiztuz. Denera, 150 euro lortu dituzte.
Gizonezkoen osasun arazoak saihesteko eta bizitza osasungarriagoa izateko kontzientzia piztea du helburu Movember Fundazioak. Azaro oro, bibotea izan ohi du ikur kanpainak, 2003tik. Jasotako dirua prostatako eta barrabiletako minbizien ikerkuntzarako bideratzen du, baita buru osasun arazoen eta ariketa fisikorik ez egitearen ondoriozko kalteak ikertzeko ere.
Lazkaoko Tri Antzar taldeak aste honetako bi egunetan burutu du ekimena, eta Antzar Korrikalariak taldeak lagundu dio. Datorren urterako, “denbora gehixeagorekin eta herriko beste kirol taldeei zabaldutako ekimena” antolatzeko asmoa daukatela aurreratu dute.