Munduko herrialde desberdinetako arrozak dastatzeko gonbitea
Ordizia Kolorek antolatutako Kulturen Arteko Topaketaren barruan, egun handia izango dute bihar. Munduko lurraldeen erakusketa, merkatu txikia eta bazkaria egingo dituzte, besteak beste.
Kulturen Arteko Topaketaren barruan egun handia ospatuko dute bihar larunbata, Ordizian. Egun osoko egitaraua izango dute eta herriko hainbat tokitan egingo dituzte ekintzak.
Munduan zehar bidaia egitea bezala izango da Ordiziako Plaza Nagusira gerturatzea. Bertan, Munduko lurraldeen erakusketa egingo dute. Iazkoari jarraituz, txikienei zuzendutako merkatu txikia ere egingo dute. Hainbat artikulu trukatzeko aukera egongo da: jostailuak, txirrinduak, patineteak eta panpinak, besteak beste. Horretaz gain, haurrentzako jolasak egingo dituzte, Hitzaro Euskara Elkartearen laguntzarekin.
Pilotalekuan, berriz, munduko arrozak eta tuberkuluak dastatu ahalko dira. Sei herrialde desberdinetako arrozak prestatuko dituzte: Ekuador, Mexiko, Errumania, Senegal, Txile eta Nigeria. Azari, Irriki, Altarte eta Zuhaizti elkarteek lagunduko dute bazkaria prestatzen. Iaz 350 pertsona elkartu ziren eta aurten ere beste horrenbeste elkartzea espero dute. Musika eta dantzak ez dira faltako.