Utzi bibotea, modaz harago
Azaroarekin batera, Movember kanpaina hasi da, mundu mailan. Goierrin, MoHerri talde berrituak bat egin du, gizonezkoei eragiten dien minbizien inguruan sentsibilizazio lana egiteko
Azaroa da eta biboteak erakusteko garaia iritsi da. Ez da modak sortzen dituzten haien azken joera, ez delako kontu berria. Hori baino harago doa mugimendua: elkartasunagatik egiten dute.
Gizarteak gizonezkoen osasunaren inguruan kontzientzia hartzeko mundu mailako mugimendua da Movember; batez ere, prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruan kontzientzia sortzea eta ikerketarako dirua biltzea da helburua. “Ingelesezko moustache —bibotea— eta November —azaroa— hitzen laburdura da”, argitu du Bittor Bolinagak, Movember kanpainarekin bat egin duen Goierriko MoHerri taldeko kideak. Gizartean gero eta mugimendu ezagunagoa da, eta gero eta gehiago dira mugimendu horrekin bat egiten duten herritarrak. Erraz identifika daitezke, gainera, “azaroan bibotea uztea” dutelako ezaugarri. Bibotearena sinbolikoa da; dibertigarria ere izan daiteke, baina irudi kontu bat baino harago doa.
Movember mugimendua Australian jaio zen, 2003an. Hala kontatu du Bolinagak. “Urte hartan, Melbourneko gazte batek prostatako minbizia zuela-eta, hainbat lagunek bibotea uztea erabaki zuten. Bibotea inor gutxik uzten zuen garai hartan, eta prostatako eta barrabiletako minbizia mahai gainean jartzeko asmoz hartu zuten neurri hura”.
Hurrengo urtean, ehunka lagunek utzi zuten bibotea Australian, eta Movember fundazioa eratu zuten jarraian. Pixkanaka-pixkanaka, egitasmoa beste lurralde batzuetara zabaldu zen (Kanada, Zeelanda Berria, Erresuma Batua, AEBak, Espainia, Euskal Herria…), eta mundu osoan zabalduta dago gaur egun.
“Melbourneko gazte batek prostatako minbizia zuela-eta, hainbat lagunek bibotea uztea erabaki zuten”
Bittor Bolinaga (Goierriko MoHerri taldea)“Gizonok osasun arazoak ezkutatzeko joera daukagu, bereziki prostatako edota barrabiletako gaitzak”
Nick Night (Movemberren sustatzailea Goierrin)“Bibotea uztea modurik dibertigarriena, eta aldi berean, ondoen arreta erakartzeko egokiena da”
Kike Biguri (Goierriko MoHerri taldea)
2011n, Ordizian ere hasi zen hedatzen mugimendua, “Ordiziako errugbi klubeko kirol zuzendari Paul Hauly australiarraren bidez”. Bibotea utzi zuen hark, eta herritar askorentzat oso deigarria izan zen. Harrezkero, Goierrin lekua hartuz joan da Movember. Azken urteotan, Nick Knight britainiarra aritu da kanpaina horren mezua gizarteratzen. 2012an ekin zion egiteko horri. Ordizian ondo ezaguna da Knight. Azaroa iritsi eta bibotea erakutsi du, harro, urte hauetan guztietan. Ingurukoen arreta erakarri zuen segituan, eta beste hainbatek ere kanpainarekin bat egin dute haren lanari esker. Iaz eten txiki bat egin eta kanpaina Goierrin nola hedatu hausnartu ondoren, “indartuta” datozela azaldu du Knightek berak. “Goierri eskualdea kontuan hartuz”, MoHerri sortu dute, eta lantalde sendoa bildu da zeregin horren bueltan.
Kanpainaren bi ardatzak
Kontzientziazio lanari dagokionez, “gizonezkoen osasunaz gizonezkoekin eta emakumezkoekin hitz egitea” garrantzitsua dela uste du Knightek. “Izan ere, uste dut gizonok osasun arazoak ezkutatzeko joera daukagula, bereziki prostatako edota barrabiletako gaitzak direnean”.
Datuak hor daude: “Espainiako Estatuan, urtero, prostatako minbiziaren 30.000 diagnostiko berri baino gehiago egiten dituzte”. Medikuntzak aurrerapauso handiak eman ditu. “Baina, hala izanda ere, oso garrantzitsua da gaitza garaiz antzematea”, zehaztu du Knightek. “Izan ere, garaiz antzemanez gero, senda daiteke. Minbizi mota hori gainditzeko aukerak handiak dira”. Baina horretarako “diagnostiko azkarraren garrantzia” nabarmendu du behin eta berriz. Horregatik, “beharrezko osasun probak egitera” animatu ditu gizonezko guztiak, “inolako lotsarik gabe”. Knighten ustez, “naturaltasun osoz” hitz egin behar da gai horren inguruan.
Osasun zentroan egin ohi dituzten azterketez gain, etxean norberak barrabilak ukitu eta “guztia ondo dagoela aztertzera” animatu ditu gizonezko guztiak. Horren harira, gaineratu du ez duela ulertzen gizonezkoen eta emakumezkoen artean egiten den bereizketa: “Emakumeak animatzen dituzte nor bere burua aztertzera, eta hori egiteko mezuak eta kanpainak hedatzen dituzte. Zergatik ez dira zabaltzen gizonezkoentzako mezuak?”.
Batzeko era ugari
Sentsibilizazio kanpaina horrekin bat egiteko modu bat baino gehiago dago. “Bibotea uztea da modu dibertigarriena, eta, aldi berean, ondokoen arreta erakartzeko egokiena”, azaldu du Kike Biguri MoHerriko beste kideetako batek. Gainera, bibotea utzita, eta emakumeen kasuan bibotea jantzita, saria izan dezake sare sozialetan argazkia zabaltzeak. “Diruz ere lagun daiteke”, gogoratu du Bigurik. Ordizian eta Beasainen, adibidez, taberna ugaritan jarri dituzte eltzeitsuak. Kontu korronte bat ere ireki dute, eta Facebooken MoHerri profilaren bidez informazio guztia emango diete interesa dutenei. Ikerketara bideratuko dute jasotako diru guztia.
Kontzertuak, kamiseta salmentak, pintxo-biboteak eta beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Modu batera edo bestera, zabaltzea da erronka.