Baserritar gazteak, etorkizunari begira
Enba sindikatuak antolatuta, 'Baserritar gaztea naiz eta harro nago' jardunaldia egiten ari dira Zaldibian, lehen sektorearen egoera eta baserritar gazteen bizipenak hizpide hartuta.
Baserriak eta nekazaritza munduak ba al du erreleborik? Baserriak eta nekazal ustiategiak husten ari diren bitartean, gazte batzuk lehen sektorearen aldeko apustua egin dute. Gogoa egon badago, baina zailtasun asko izaten dituzte bide horri ekiterakoan. Horren guztiaren inguruan gogoeta egiten ari dira gaur Zaldibian, Enba sindikatuak antolatu duen Baserritar gaztea naiz eta harro nago jardunaldian. Interesa sortu du ekimenak, eta dozenaka lagun elkartu dira Goizane zentroan, hitzaldi eta mahai inguruan entzuteko.
Xabier Arruti Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenerako Zuzendaria izan da sarrerako hitzaldia egin duena. Duela 15 urte martxan jarritako GazteNek planari esker, nekazal proiektuetan hasi diren ekintzaile gazteen inguruko datuak eman ditu. Denbora tarte horretan, 500 bat lagunek agertu dute lehen sektoreari lotutako proiektuak hasteko interesa, baina horietatik 254 proiektu (%40) izan dira enpresa planak aurkeztu dituztenak; horietatik 156 gizonezkoak dira eta 96 emakumezkoak. Proiektuen %10 bideragarritasun faltagatik gelditu dira bidean.
Nekazaritza arloko belaunaldi aldaketa mugatzen duten arrazoien artean, hiru aipatu ditu Arrutik. Batetik, errentagarritasuna, “beharrezko baldintza” dena. “Urperatzera doan barku batera inor ez da igotzen”. Horregatik, askotan lehen sektorearen inguruan ematen diren ezintasun mezuek eta mezu ezkorrek, sektorea gazteentzat erakargarri ez egitea dakarrela uste du. Bizi kalitatea ere aipatu du, eta gazte askok oso lan lotua bezala ikusten dutela; horri, Gipuzkoan industriak duen indarra gehitu behar zaio, eta “gazteek alderatu egiten dute”. Beste muga batzuk ere aipatu ditu, gizarte arloarekin eta ekonomiarekin lotuak, hala nola: lurrak eskuratzea, inbertsioak egin beharra, kredituak lortzeko zailtasunak, eta lehen sektorearekiko dagoen ezezagutza.
Nekazari gazteen bizipenak
Sarrerako hitzaldiaren ondotik, lau nekazari eta ekintzaile gazteren mahai ingurua etorri da. Bakoitzak bere esperientzia eta bizipenak kontatu ditu bertan. Adur Gorostidi abaltzisketarrak, jardunaldiaren izenburuarekin hitz jokoa eginez, “sektorea harrokeria handitarako ez” dagoela esan du, baina baita “negarrez arituta” ez dela erakargarri egiten ere. “Sektore errentagarria eta duina egitea” da erronka, bere ustez. “Lehen sektorearen eta gizartearen artean arrakala handia” dagoela dio, eta nekazariek “elkartu, ahaldundu eta beren buruari prestigioa” eman behar diotela.
Olatz Izagirre ibartarra duela bi urte hasi zen, bere anai-arrebekin batera, gurasoen baserrira itzuli eta piperrak landatu eta piper-hautsa ekoizten. “Ez gara baserritik bizi, baina mantendu egin nahi genuen, Hiru senide gara eta kanpoan ikasi genuen denok, baina piperra txikitatik bizi izan dugu”. Duela bi urte, baserri ingurura bueltatu eta piperraren inguruan zerbait egin nahian hasi ziren. Lanetik ateratakoan eta asteburuetan eskaintzen diote denbora, baina pixkanaka ari dira bidea egiten. “Piper hautsa egiten dugu, betikoa eta gatzarekin; gure filosofia ‘o kilometrokoa’ denez, Leintz-Gatzagako gatza erabiltzen dugu.
Ander Arrillagak esnetarako behiak ditu Aiako Arrillaga baserrian. Mekanika ikasi zuen, baina garbi zuen baserriari eta ikuiluari eutsi nahi ziola. Enpresa plan bat eta ikastaro bat egin behar izan zituen, eta baita inbertsio garrantzitsu bat ere, baina orain gustura dago emandako pausuarekin. “Inbertsio handia egin dugu, leku berriak egokitu, makineria berritu, almazena egin… horretarako oso garrantzitsuak dira dirulaguntzak”. Bost urte pasa dira baserritik bizitzeko erabakia hartu zuenetik, eta “etorkizunari begira erronka berriak beti sortzen badira ere, oso gustura” ari dela aitortu du.
Iker Sukia lazkaotarrak aitaren bidea jarraitu eta artzaintzan hasi zen duela bi urte. Arantzazuko artzain eskolan aritu zen, baina aitaren 40 urteko esperientzia ere alde izan du, “aitak txiki-txikitatik” erakutsi baitie ofizioa. Haren pausoak jarraitzea erabaki zuen, eta duela urtebete, ardiak jezteko makina berritu zuen, nahiz eta artean 18 urteak bete gabe zituenez, ez zuen laguntzarik jaso. Ikuiluari eranskarri berri bat ere egin diote, biltegi moduan. Udan artaldearekin Aralarrera igotzen direla azaldu du, eta urriaren erdialdera jaitsi; “orain umeak egiteko garaian daude”. Lan lotua bada ere, gustoko lanbidean ari da Sukia.
Baserritar gazteen saioaren ondotik, Hazi Fundazioko Amaia Sagarzazuk Transmisioa errazteko errelebo irekia hitzaldia egingo du. Eta jardunaldia bukatzeko, Nel Cañedo artzain asturiarrak bere bizipenak kontatuko ditu.