Munduko kulturaz eta zaporez bete da Ordizia
Ordizian egiten ari diren Kulturen Arteko Topaketaren barruan, herrian bizi diren hainbat jatorritako herritarrek beraien kultura eta gastronomia erakutsi dituzte.
Ordizia Kolorek antolatutako Kulturen Arteko Topaketaren barruan, munduko kultura eta zaporeak ezagutzeko aukera izan dute gaur, Ordizian. Goizean Munduko lurraldeen erakusketa eta merkatu txikia egin dituzte plazan. Ordizian bizi diren hainbat jatorritako herritarrek, beraien kultura eta ohiturak ezagutzera eman dituzte bertan.
Ondoren, Beti Alai pilotalekuan, Munduko arroz eta tuberkuloak prestatu dituzte, eta bazkaria egin dute ondoren. Hirurehun bat lagun elkartu dira frontoian jarritako mahaietan. Bazkalondoan, hainbat herrialdetako musika eta dantzak ikusi eta entzuteko aukera izan da. Amets Bide Ordiziako dantza taldearen saioarekin bukatu da ekitaldia. Aurten sei lurraldek parte hartu dute ekitaldietan: Ekuador, Mexiko, Errumania, Senegal, Txile eta Nigeria. Bazkaria prestatzen berriz, herriko elkarteetako kideek lagundu dute.
Argazkiak: Ordizia Kolore eta Goierriko Hitza