Agiñan eta Urretxun ere odolki festa
Zumarragako Agiña auzoan eta Urretxuko Iparragirre plazan ere San Martin eguna ospatu dute. Euria eta hotza nagusi izan direnez, odolkiak barrua berotzen lagundu die bertaratutako guztiei.
Zumarragako Agiña auzoan eta Urretxun ere San Martin eguna ospatu zuten atzo. Eguraldi ezin hobea egin zuen… odolkia jateko.
Urretxuko festa Iparragirre plazan egin zuten. Hasteko, haurrentzako jolasak eta txokolate-jana egon ziren. Gainera, arratsalde osoan zehar Martintxo txerria ikusgai egon zen eta bi urdaiazpiko zozkatu zituzten. Jasotako dirua Agifes elkarteari emango diote.
19:00ak baino apur bat lehenago odolki pintxo dastaketa hasi zen. Musika ere egon zen: Iparragirre Balerdi musika tailerrak eta Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egin zuten.
Agiñan, berriz, auzoko festak ospatu dituzte. Larunbatean hasi ziren. Haurrentzako jolasak, toka txapelketa, txokolate-jana eta afaria egon ziren. Afaria auzoko trikitilariek alaitu zuten. Ondoren, erromeria egon zen, goizaldera arte. Toka txapelketan, emakumezko onena Josune Zabaleta izan zen eta gizonezko onena Joxe Mari Begiristain.
Igandean, meza, herri kirol saioa, Amaia eta Mikel Iturriotz anai-arreben bertso saioa, Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti trikitilarien emanaldia eta bazkaria egon ziren. Bazkaria bertsolari eta trikitilariek girotu zuten. Herri kirol saioari dagokionez, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia aizkolariek parte hartu zuten.
Jaiak atzo amaitu ziren. Eguerdian meza eta prozesioa egon ziren eta ondoren jubilatuek bazkaria egin zuten. Santua eraman zutenen artean emakumezkoak egon ziren.