Mendia, festak eta azoka
Koke Lasa mendizale ormaiztegiarrak Ama Dablamera egindako espedizioaren berri eman zuen, gaur 15 urte. San Martin jaiak ospatzen ari ziren Ataunen, Araman eta Gaintzan. Eta Arantzazuko Artzain Eskolakoak, Ordiziako azokan izan ziren.
Ormaiztegin Mendi Astea egiten ari dira egunotan, eta duela 15 urte ere, mendi kontuak ekarri zituen Goierriko Hitzak. Koke Lasa mendizaleak Ama Dablam (6.856 m.) igo berritan, espedizio haren nondik norakoak kontatu zituen. Mendiak bere “aurreikuspenak bete” dituela eta “igoera oso polita” izan dela zioen ormaiztegiarrak. Beste mendizale baten, Xabier Ormazabal urretxuarra hil zenaren berria mendian bertan izan zuten. “Momentu gogorrak bizi izan genituen. Gu geunden lekutik Cho Oyu ikusten genuen; bagenekien zorigaiztoa han bertan gertatu zela”.
San Martin jaiak ere baziren, eta festetan buru-belarri zebiltzan ataundar, aramar eta gaintzarrak. Urretxun eta Zumarragako Aginaga auzoan ere izan zituzten ospakizunak, eta egunotan bezala, orduan ere, euria gogotik egin zuen.
Arantzazuko Artzain Eskolako ikasle talde bat, Ordiziako azokara etorri zen bisitan. Bertako baserritar eta saltzaileek azterketa pasa zieten gazteei. Haiekin postuetan aritu ziren, gazta saltzen eta saltzaileen galderei erantzuten. Goimen elkarteko Joxe Manuel Zubizarreta izan zuten gidari, garaiko kronikak kontatzen duenez.