Aralar eta Aizkorri zuritu ditu elurrak
Egunotako elurrak Aralar eta Aizkorriko gainak zuritu eta ikuspegi ederrak utzi ditu. Iluntzetik aurrera, okerrera egingo du eguraldiak.
Ekaitzaren ondotik barealdia etorri ohi da, eta astebeteko eguratsaren ondoren, gaur ia erabat garbitu da Goierri gaineko zerua. Egunotan egindako elurrak gainak zuritu ditu, eta Aralar eta Aizkorri, zurituta ikus daitezke, irudi eta ikuspegi ederrak eskainiz.
Gaurtik aurrera, ordea, okerrera egingo du eguraldiak, iragarpenen arabera. Arratsaldeak aurrera egin ahala, hodeiek zerua estaliko dute atzera, eta prezipitazioak espero dira. Behekaldean euria egingo du, eta tarteka trumoi-ekaitzak eta txingorra ere egin dezake. Elurraren maila 700-800 metroan kokatuko da. Bihar ere, beste horrenbeste, tenperaturek behera egingo dute, eta 7-8 graduko maximak neurtuko dituzte termometroek. Elur maila 700-900 metroan egongo da, baina baliteke hainbat tokitan beherago ere egitea.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga