Aritz Saidik 'Iraultzak, egi ostea eta gu' hitzaldia egingo du gaur

Ez da lehenengo aldia Legazpiko Beti Gazte Animakzio Elkarteak Aritz Saidi Ekialde Hurbilean aditua udalerrira gonbidatzen duena. Iaz Siriako egoeraren gaineko argibideak eman zituen Legazpiko Kultur Etxean eta gaur Iraultzak, egi ostea eta gu hitzaldia egingo du.
Saioa 19:00etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian. Aditua, egun, munduko hainbat bazterretan gertatzen ari diren iraultzei buruz arituko da. Isildutako iraultzen eta sasi-iraultzen arteko korrelazioak aztertuko ditu.
Halaber, hedabide handien eta albiste makro agentzien interesak hartuko ditu hizpide eta fake news edo albiste faltsuen gaineko gogoeta egingo du.
Mintzagai horiek guztiak ekarriko ditu Saidik, eta munduan gertatzen ari diren gertaera zein fenomeno guztien analisiaren erdigunean giza pertsonak jarriko ditu hitzaldiaren goiburuari gehitu dion gu horren arabera.