Bakarrizketak irekiko du bihar A-25 girotzeko Lazkaoko ziklo feminista
Azaroaren 25a girotzeko ekitaldien barruan, 'Bakean dagoena bakean utzi' bakarrizketa saioa egingo dute bihar, Arerian
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai artistek Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa-antzerkia egingo dute, bihar, Lazkaon. Areria antzokian izango da, 19:00etan. Bien artean jositako sei bakarrizketak osatuko dute ikuskizuna, euskara eta generoa umorea sortzeko gai hartuta. Ordubeteko saioa da.
Ikuskizun horrekin hasiko da Lazkaon Azaroaren 25eko emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarria zabaltzeko egitaraua. Udalak, Talde Feministak eta Maizpidek antolatu dituzte ekitaldiak.
Bertsoak eta tailerra
Biharko antzerkiaren ondotik, azaroaren 19an bertso-afaria izango da Maizpiden, Oihana Bartra eta Ane Labaka bertsolariekin. Izena emateko azken eguna gaur da, euskalegira deituta. Azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo dute plazan.
Abenduaren 10ean, azkenik, jolas eta jostailu ez sexistei buruzko tailerra izango da, Emagin taldekoek gidatuta.