CIE Automotive-k La Salle eskubaloi taldea eta Hare Haizea saritu ditu
Legazpiko plantak, gizarte ekintzaren barruan, hirugarren urtez eman ditu sariak. Hare Haizeari sahararrei erreminta bete beste kamioi bat bidaltzen lagunduko dio
Atzo eman zituen Legazpiko CIE Automotive enpresak aurtengo gizarte ekintzako sariak. Hirugarren urtea da halako ekimena egiten dutena, eta aurten La Salle Eskubaloi taldearen eta Hare Haizea elkarteei saria eman diete. La Salle eskubaloi taldearen izenean Ibon Altzelaik eta Hare Haizearen izenean Patxi Otaegik jaso zuten saria lantegian bertan egindako ekitaldi xumean.
Asier Balentziaga LegazpikoCIEko plantako kudeatzaileak saria zertarako erabiliko duten galdetu zion ordezkari bakoitzari aurten 2.000 euro bana jaso dituzte. Altzelaik datozen bi denboraldietako haurren mailako partidetako epaileei ordaintzeko erabiliko dutela esan zuen. Egun, Legazpiko eskubaloi taldeak 60.000 euro inguruko aurrekontua du urtean. Heren bat Granollerseko (Katalunia) txapelketan parte hartzeko erabiltzen dute. Beste guztia taldearen martxa finantzatzeko da. Legazpiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak jasotzen dituzte, eta jokalarien ekarpenekin osatzen dute aurrekontua. Eskubaloi taldea 1967an sortu zutela gogoratu zuen Altzelaik, eta orduz geroztik kirolaren bitartez gizarte lana egiten dutela gehitu zuen. «Saria eskertzen dugu eta gure lana balioetsi izanagatik ere eskertuta gaude».
Beste kamioi bat
Patxi Otaegik, bere aldetik, kontatu zuen Hare Haizea elkarteak orain 15 bat urtetik sahararren alde lan egiten duela. Oporrak Bakean egitasmoaren barruan, urteotan Goierri garaiko lau herrietara, uda garaian, Tindufeko (Aljeria) haurrak ekartzeko lanetan ibili dira. Askotan joan dira kanpalekuetara eta, 2015ean, euren «hango familia» baratzea sortzen ikusteak harritu zituen. «Gure hango semeak [12 urtera arte euren etxean hartu zuten uda garaian, orain 21 urte ditu] baratzean lan egin nahi zuen, baina erremintarik ez zuen». Hala, itzuli zirenean Otaegik Bellotari saldu ezinezko erremintak eskatu zizkion eta haiek eman zizkioten. Lan asko egin ondoren, Tindufera bidaltzeko modua aurkitu zuten.
Orain beste kamioi bat betetzeko nahikoa erreminta dituzte berriro. Kamioia ere lortu dute Legazpiko fruta denda batek emanda, eta CIEk emandako sariarekin logistika lanak finantzatuko dituzte. Kamioia urtarrilean bidaliko dute.
Balentziaga kudeatzaileak bi elkarteen jardunaren gaineko interesa erakutsi zuen atzoko ekitaldian.Jakin-mina sortu zion, esate baterako, desertuan baratzeak sortzeko moduak. Otaegik Tindufeko Sahara desertuko harea emankorra dela eta azpiko aldean ura dagoela esan zuen.
CIEko giza baliabide saileko arduradun Gorka Hormaetxeak sariak emateko batzorde bat osatua dutela erantsi zuen. «Lantegiko Legazpiko langileek proposamenak egitea ezinbestekoa da, proposamen horien artean egiten dugu hautaketa. Izan ere, hau ez da zuzendaritza taldearen ekimena, langile guztiona baizik». Irabazleek Legazpiko enpresa handiak gizarte ekintzak egitera animatu zituzten.