Etxebizitza duinak aldarri
Etxebizitza kontuak izan zituen hizpide Goierriko Hitzak, gaur 15 urte argitaratutako zenbakian. Idiazabalen, etxebizitzaren inguruko espekulazioa salatu zuen. Beasaingo Beti Alai kaleako bizilagunek, beraien etxebizitzen egoera penagarriaz hitz egin zuten.
Idiazabalgo hainbat gaztek sortu zuten Kaletio taldea, herrian “hutsik dauden etxebizitzak berreskuratu” eta herritarrei alokairu bidez horietara sartzeko aukera eman ziezaten eskatzeko. Idiazabalen 278 etxebizitza eta lokal hutsik zeudela eta etxe bat erosteak “banketxeekiko morrontza” zekarrela salatu zuten. Era berean, udalari etxebizitza arloko politikak aldatu eta “pertsona bakoitzaren posibilitateen arabera alokairu bat” kudeatu zezala eskatu zioten.
Beasaingo Beti Alai kaleko bizilagunen egoera ere ez zen erraza. Haien eraikinean pitzadura handiak agertu ziren, eta etxea hustu egin behar izan zuten. 2001ean hasi ziren arazoak, ondoan eraiki zuten etxebizitza bat tarteko. Hainbat urtez luzatu zen haien egoera, eta epaibideari ekiteko prest agertu ziren bizilagunak. Kike Merino bizilagunaren eta Beasaingo Udaleko ordezkarien iritziak jaso zituen Hitzak.
Kontu alaiagoekin jarraituz, festa giroa izan zuten Legorretan eta Zegaman. Aurrenekoek, babarrun jana eta solidaritatezko gaztaina festa egin zituzten, eta bigarrenek, San Martin eguneko azoka. Felix Goiburu segurarrak irabazi zuen Aizkorri-Aratzeko gaztarik onenaren saria. Epaimahaikoan, hainbat pertsonaia ezagun izan ziren, tartean Miguel Indurain (irudian), Fermin Muguruza eta Klaudio Landa.