Hotza hasi orduko, jaki beroak erakarle
Azen aukera handitzen ari da urtetik urtera baratzetan eta ferian. Piper bereziak, oliba freskoak eta kardua nobedade izan dira.
A za, gurean oso ondo etortzen den barazkia da. Berez ondo txertatua da gure otorduetan. Azken urteetan azpimarratzekoa da nola ari den aza aukera zabaltzen. Berez oso familia zabala osatzen dute azek, eta geroz eta aukera handiagoa aurkezten dute ekoizleek. Betiko aza buru ederraz gain, azalorea, brokolia, romaneskua, bruselazak, udaberrikoa, aza gorria…ezagunak dira. Azken urteetan zerrenda honi gehitu zaizkio txinatar aza, pak choi eta ta-tsoi azak, Murdoc errepoiloa, kale lisoa eta kizkurra, kolore ezberdinetako azaloreak (horiak, moreak, berdeak)… Gustua ere aldatzen da batetik bestera, dastaketa menuak egiteko gaia bada. Prestatzeko moduan ere aldea da. Batzuetara errazago ohitzen gara. Oso propietate aberatsak dituzte denak ere, eta oraintxe gehienak aukeran ditugu.
Atzo aza horietako bat nobedade izan zen, txinatar aza hain zuzen, 2,5 euroan burua. Bere horretan jan daiteke, edo babarrunekin nahasiz, berritan gainera, segidan egosten da bezperatik beratzen utzi beharrik gabe.
Piper urtea ez da bukatu
Laster bukatutzat emango badiogu ere piper garaiari, aitzakiarik gabeko urtea joan da. Hastea kosta zitzaien, baina gero ondo eman dute mota guztiek. Negutegikoak oraindik salgai dira, eta aire librean ere azaro hasiera arte ere bai. Garaia aurrera badoa ere, Arantxa Zurutuzak piper gorri txiki borobil eta luze bixiak ekarri zituen: Diavolichio eta centi odorant motakoak hain zuzen ere. Honetan ere zer ikasia badugu.
Bestetik, Nafarroatik kardua ekartzen hasi dira. 4,5 euroan bakoitza.
Oliba zaleak
Oliba freskoak nahi izanez gero, oraintxe erosi behar dira. Oso epe laburrean izaten dira salgai Vicente Muñoz eta Mari Karmen Mendizabalen postuan. Norberak egin behar fresko horiek jangarri bilakatu arteko lana, eta nonbait hemen ez da horretarako ohiturarik hartzen. Jatorriz oliba herrialdeetan jaiotakoek erosten omen dituzte urtea joan urtea etorri. Muñozek aipatzen zigunez, azeituna mota hau cacereña da, eta jatorriari zor dio izena, «berez horrela jatekoa da, oliotarako beste mota batzuk erabiltzen dira». Aurten izango dugun olioz galdetuta, «diotenez, olio oliba ugari bai baino txikia izan da aurtengoa» erantzun zuen. Prezioan eraginik izango ote duen ikusteko dago.
Oliba fresko kiloa 2,5 euroan zuten salgai, eta horiekin batera, behar den bezala gozatuak (piperrekin, baratxuriarekin, antxoa gustudunak… hamabi mota ezberdin hautan) eta jateko prest ere bai, kiloa 4 eta 7 euro artean.