Irudi bat, mila bizipen
Ordiziako Ortzadar argazki elkarteko kideen argazki erakusketa ikusgai dago Barrena Kultur Etxean. Ikusgai dauden 34 lanen artean kolorea da nagusi, eta gaiak askotarikoak dira beste behin
Urteroko hitzordua da Ordiziako Ortzadar argazki elkarteko kideek, Barrena Kultur Etxeko erakusketa areto nagusian jarri ohi duten erakusketa. 10. urtez egin dute, eta elkarteko bederatzi kideren 34 argazki ikus daitezke. Hilaren 29ra arte egongo da bisitatzeko aukera.
Oraingoan, kolorea da nagusi, argazkigintzak une honetan duen modagatik, edo argazkilariek jasota zuten material onena koloretan zelako, baina erakusketa aretoan sartu eta nabarmena da hori. Gaiei dagokienez, askotarikoak dira: paisaiak, gertuagokoak batzuk, exotikoagoak besteak; bizitzako edo bidaietako une desberdinak; naturarekin lotutakoak, loreak eta animaliak; kirol ekitaldiak; eta obra abstraktoagoak. Azken batean, argazkilari bakoitzak gustukoen dituen lan horiek jarri dituzte ikusgai Barrenan.
Lehiaketa soziala
Gaur-gaurkoz, Barrena kultur etxean du egoitza Ortzadar argazki elkarteak eta 12 bat kide modu oso aktiboan aritzen dira, nahiz eta bazkide gehiago ere badituen. Astero biltzen dira, eta argazkilaritzaren inguruan duten jakituria partekatzen dute. Argazkiak eta bideoak ere aztertu eta ediziorako dauden erreminta desberdinen inguruan dituzten zalantzak ere argitzen dituzte.
Horrez gain, urteko bederatzi hilabetetan, lehiaketa soziala egiten dute Beasaingo Argizpi argazki elkarteko kideekin batera. Partaideek hiru argazki aurkezten dituzte horretara.