Mozarten kontzertu handia prest du Kantakak
Lazkaoko Udazkeneko Musika Zikloko hirugarren kontzertua igande arratsean egingo du Kantaka abesbatzak. Mozarten 'Koroatze meza' abestuko dute, 25 musikariko orkestrak eta lau bakarlarik hornituta.
Eskakizun mailan koska bat gorago igo da Kantaka abesbatza, Lazkaoko Udazkeneko II. Musika Ziklorako aurten prestatu duen kontzertuarekin. Mozarten Koroatze meza aukeratu eta landu du, Javier Alberdi zuzendariaren gidaritzapean. Igandean 19:30ean, Lazkaoko San Migel elizan izango da kontzertua.
Wolfgang Amadeus Mozartek (Salzburgo, 1756Viena, 1791) helduaroan konposatu zuen meza ospetsu hori, 1779ko Pazkoarako. «Historian zehar asko abestu izan da Koroatze meza. Abesbatza-musikako altxorretako bat da, musika sinfonikoaren hit-etako bat. Meza latindarra da, baina ia opera bat bezalakoa, eta Mozarten ukituarekin», azaldu du Kantakako zuzendari Javier Alberdik.
Igandeko kontzertua prestatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula izan aitortu du. «Desafio polita izan da. Iaz Vivaldiren Gloria kantatu genuen, eta oso ondo atera zen. Aurten, pixka bat aurrerago joan gara».
Orkestra eta bakarlariak
Kontzertua «zoragarria» izango dela aurreratu du Alberdik. Kantakaren berezko egite onari, orkestra zabal bat eta lau abeslari bakarlari iaio batuko zaizkio. Orkestra 25 musikarik osatuko dute. «Iazko kontzertuan 12 musikari izan baziren, aurten gehiago etorriko dira, orkestra handia eta indartsua osatzeko». Goren mailako musikariak dira denak.
Orkestra, sinfoniko kategoriatik «oso hurbil» egongo dela dio zuzendariak. «Haria, haizea, zura eta perkusioa izango du».
Kontzertuaren lehenengo zatia, hain zuzen, orkestrak bakarrik hornituko du. Mozarten beraren Eine Kleine Nachtmusik joko du. «Gaueko pieza da, oso ezaguna. Jendea berehala jabetuko da zein den. 20 bat minutu iraungo du zati horrek».
Ondoren, bigarren zatia Koroate mezak hartuko du. Kantakako abeslariei eta orkestrari, lau bakarlari gipuzkoar batuko zaizkie: Clara Mendizabal sopranoa, Iñigo Vilas tenorea, Paula Iragorri kontraltua eta Josu Ieregi baxua. «Gazteak baina eskarmentudunak dira. Bakarlariek paper garrantzitsua dute Meza-n».
Sarrera doan izango da.