Musika eta umorea uztartuko ditu Movember festak, bihar
Goierriko Moherri taldeak antolatutako ekitaldien barruan, jaialdia egingo dute bihar, Beasainen. Matilda eta Sin Mala Intención taldeen kontzertuak eta umorezko bakarrizketak izango dira, besteak beste.
Gizonezkoei eragiten dien minbizien inguruan sentsibilizazio lana egitea du helburu Movember egitasmoak. Honela, Goierrin sortutako Goierri Moherri taldea sentsibilizazio kanpaina berezia egiten ari da aurten: batetik, bibotea utziz eta bestetik, ekitaldi bereziak antolatuz.
Beasainen bihar egingo dute Movember festa, musika eta umorea ardatz hartuta, eta Kike Biguri aktoreak gidatuta. Loinazko San Martin plaza azpian, 20:00etan hasita, Maria Amolategi eta Victor Sanchezen Matilda taldea, Sin Mala Intencion taldea (Gorka Lizaso, Iker eta Javi), Aitor Furundarena akordeoi jotzailea, Iban Nikolai didgeridoo jotzailea eta Alex Rabanal eta Kike Biguri bakarrizketa egileak ariko dira. Goierri Moherri logotipoa daramaten kamisetak eta katiluak salgai egongo dira.
Bestalde, Goierriko bibote hoberenaren bila dabiltza Bareak, Lazkaon eta Ordizian elkarteak. 943 88 73 40 telefonora whatsapa bidali behar da. 50 euroko hiru sari banatuko dituzte.