Pepe Artzelus musikari zena omenduko dute bihar Tolosan
Musikari gabiriarra abuztuan hil zen, 82 urterekin. Tolosako Santa Maria Musika Kaperak omenaldi-kontzertua eskainiko dio.
Hamaika ospakizun eta festa gozatu zituen Jose Antonio Artzelus Igartzabal Pepe-k musikarekin, soinua, pianoa, edo elizetan organoa joz. Abuztuaren 10ean hil zen, 82 urterekin. Tolosako Santa Maria Musika Kaperak bera omenduko du, orain. Omenaldi-kontzertua egingo diote bihar, 20:00etan, Tolosako Andre Mari elizan.
Izan ere, Pepe Artzelus kaperako kide eta organo jotzaile izan zen, 1984tik 2011ra. Kontzertu askotan izan zen, herri txikietatik Vatikanoraino edo New Yorkeraino. Musikari eta pertsona bezala oso estimatua zen.
Musikari tolosarren lanak
Biharko kontzertuan kaperako korua, orkestra, organoa eta txistua uztartuko dituzte. Abeslari bakarlariak Maite Crespillo eta Maria Iartza (tipleak), Javier Iartza (tenorea), eta Iñigo Goia eta Santi Mendigain (baxuak) dira. Ander Letamendiak txistua joko du, eta Myriam Ulangak organoa. Luis Orduña da zuzendaria.
Eduardo Mokoroa, Felipe Gorriti, Luis Aranburu eta Renaud de Villesac-en zazpi pieza joko eta abestuko dituzte.