Txapelketa, erdia osatzera
Hiru finalaurrekoetatik lehena igandean jokatuko da, Arrasaten. Nerea Elustondo eta Iñaki Apalategi goierritarrak ariko dira. Saioaren irabazlea finalean kokatuko da
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hirugarren sailkapen fasean sartuko da, igandean. Finalaurreko saileko hiru saioetatik lehenengoa jokatuko dute sei bertsolarik, Arrasaten (Uarkape pilotalekua, 17:00). Han izango dira, final-laurdenak gaindituta, Nerea Elustondo legazpiarra eta Iñaki Apalategi beasaindarra. Eñaut Martikorena, Agin Laburu saioak irabazita biak, Unai Mendizabal eta Unai Gaztelumendi dira beste laurak; aurkezle Iker Iriarte, eta epaile taldean jardungo da Mikel Urteaga.
Beste bi finalaurrekoak Oiartzunen (azaroaren 24an) eta Tolosan (abenduaren 1ean) jokatuko dira. Finala, berriz, Donostiako Illunben, abenduaren 14an.
Finalaurreko saioen hiru irabazleak zuzenean sartuko dira finalean, eta beste bost puntu bidez. 18 bertso puntuagarri kantatuko ditu bakoitzak: hamarreko handian, zortziko txikian, sei puntuko motzean, zortziko txikian puntutan binaka horietan eta kartzelan bakarka.
Iratzargailuak aspaldi jota
Iñaki Apalategik txapelketako bigarren saioa du, eta hirugarren aldiz segidan finalera sartzeko aukera baliatu nahi du. «Helburua da igandeko saioa azken aurrekoa izatea», dio. Final-laurdenen lanarekin ez da gustura geratu: «Banekien oso posible zela hala ateratzea. Beti izan naiz gutxi prestatzekoa, eta oraingoan bereziki. Ez zen saio ona atera, baina zortea izan nuen aurrera joateko», azaldu du Apalategik.
Iganderako, bateria bete du, ordea: «Jakinda finalaren gozokia hor dagoela, pilak jarri ditut eta fundamentuarekin lan egin dugu. Gorputzak beste tentsio eta gogo bat du, begiratu zorrotzagoarekin noa. Noski, han bertsotan bihurtu behar da, baina osagaiak baditugu».
Nerea Elustondo zortzirenetan lan bikaina onduta iritsi da. Puntuazioan bigarren tokian sailkatu da. 2011n eta 2015ean ere finalaurrekoan izan zen.