«Zuzenbidea ikasi nahi nuela argi nuen 14 urterekin»
Zuzenbideko karrera amaierako lan onenaren saria eman diote Amaia Goikoetxea Nazabali (Ataun, 1997), ia 150 lehiakideren artetik. Euskaraz idatzi du, Europako zuzentarau bati buruz.
Lehengo ostiralean jaso zenuen saria. Zer da zehazki?
Zuzenbide gradu amaierako lanen artean aipamena da. Lanik onenaren saria lortu dut.
Zergatik aukeratu dute zurea?
Gradu amaierako lana derrigorrez egin beharra daukagu. Fakultate berean, Zuzenbide karreraz gain, Kriminologia ere ematen dute. Aurten, bi karreren artean 147 lan aurkeztu dira. Zuzenbidekoak bi heren izango ziren. Zazpi ohorezko matrikula eman zituzten, eta horietatik aukeratu dute karrera bakoitzeko onena. Nirea, Zuzenbidean.
Zer argudio izan dituzte lanak baloratzerakoan?
Ohorezko matrikula jaso duten lanen artean, espediente akademiko onena zeukana ni nintzen, batez besteko nota altuenekoa. Hori izan da lan onenaren saria emateko irizpidea.
Zeri buruz idatzi duzu?
Europako Batasunean, estatu kideek beraien lurraldean ez dauden froga penalak lortzeari buruz egin du lana.
Adibideren bat azaltzerik?
Espainiako epaile batek, adibidez, orain agindu edo eska diezaioke Alemaniako epaile bati ikertu baten telefonoa zulatzeko, edo froga penalak lortzeko. Gero, prozesu penal batean erabiltzeko balioa izango lukete froga horiek, Espainian bertan. Europako 2014ko zuzentarau batek sortu du tresna hori, eta Espainiako legedian nola barneratzen den aztertu dut.
Lehen ezin zitekeen lortu beste estatu batean frogarik ala?
Lehenago, sortuta zeuden frogak soilik eska zitzakeen epaile batek beste estatu batera, jada existitzen zirenak. Baina orain frogak sortzea ahalbidetzen du; telefonoa zulatzea, adibidez.
Bukatu duzu, beraz, karrera?
Bukatu dut. Orain, Eusko Jaurlaritzaren beka batekin Beasaingo notaritzan ari naiz lanean, goizetan. Arratsaldeetan, berriz, abokatutza masterra egiten Donostian. Abokatu izateko, obligazioa dugu lehenik masterra egiteko, eta gero estatu mailako azterketa gainditu beharra daukagu.
Abokatu jarduteko asmoan?
Ez daukat garbi nondik jarraitu. Denbora joan ahala, bizitzak erakutsiko dit zer bide hartu.
Zuzenbidea ikastearena garbi zeneukan?
Bai. 14-15 urterekin oso argi neukan Zuzenbidea ikasi nahi nuela. Ez dakit zergatik, egia esan. Etxean edo inguruan ez daukat inor abokatu denik. Baina garbi neukan hori ikasi nahi nuela. Donostian, EHUn ikasi dut. Karrera osoa euskaraz egin dut, eta gradu amaierako lana ere bai.
Zer moduzko karrera iruditu zaizu?
Gogorra izan da, nahiz eta momentu desberdinak izan ditudan. Oro har, asko ikasi beharra dago, eta lan asko egin. Euskaraz egiteak lan bikoitza suposatu dit, gainera. Euskaraz ez zegoen ikas materiala prestatu behar izan dugu, liburuetatik eta edonondik euskarara itzuli beharra izan dugu. Geure artean, brometan, esaten genuen Zuzenbideko tituluaz gainera itzulpengintzakoa ere eman beharko liguketela. Zentzu horretan, lan asko eskatu digu.
Inon argitaratuko dute lana?
Unibertsitateko plataforma batean jarriko dute. Baina ikasleek eta irakasleek soilik kontsulta dezakete.